Xabier Gaztelumendiren azken urteotako margolanak ikusgai

Anboto 2013ko aza. 14a, 08:30
Abenduaren 3ra arte, Durangoko Arte eta Historia Museoan dago erakusketa

Abenduaren 3ra arte, Durangoko Arte eta Historia Museoan dago erakusketa.

 

2010 eta 2013 urteen artean egindako lanetik Xabier Gaztelumendi (Durango, 1984) pintoreak berak egindako hautaketa dago Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai. Bertaratzen direnek abenduaren 3ra arte ikusi ahalko dute 35 koadroko bilduma.

 

Olioagaz egindakoak dira erakusketako koadro gehienak, baina ikatzagaz egindakoak ere badaude bertan. Azken aldian, “krisiari buruz, baina ez krisi ekonomikoari buruz bakarrik, balioen krisiari dagokionez ere egin ditudan gogoetak” dira, Gaztelumendiren hitzetan, ikatzagaz margotutakoak.

 

Durangoko margolariak dioenez, “autobiografikoak”, berari eta bere inguruari buruzkoak dira bere koadrook: Durango, Belchite, Almuñecar, Alhambra edo Munichen ikuspegiak, zein gurasoen erretratuak. Egilearen berbetan, “oso erakusketa pertsonala da”.

 

Errealitatearen misterioa

Duela bi urte Durangoko Ezkurdi aretoan erakusketa ipini zuenetik, margolari gazteak bizi izan duen garapena erakusten du bilduma honek. Duela hiru urte bezala, “errealitatea ahalik eta artifizio gutxienekin” islatu guran dihardu Gaztelumendik orain ere. Hala ere, bere berbetan, “errealitatearen misterioaren” bila ere badabil azken urteotan: “Egia makillajerik barik, ahalik eta zintzotasun handienagaz islatu nahi dut”.

 

Madrilgo Prado Museoan, hilabete baino gehiagoz jardun zuen Xabier Gaztelumendik iaz, José Moreno Carbonero margolariaren koadro baten erreplika egiten. Durangoko bilduman ikus daiteke emaitza.

 

Madrilen bizi da Gaztelumendi, eta Prado Museoko bilduma aztertzea erritu bilakatu ei du, teknikoki gehien interesatzen zaizkion maisuengandik ikasteko. Erreferentetzat ditu, Velazquez, Rembrant, Ribera, Pinazo, Fortuny edota Sorolla. Durangoko museoak eskainitako tratuagatik esker ona adierazi du Gaztelumendik: “Askatasun guztiagaz egin dut hautaketa, eta katalogo oso txukuna argitaratu dute”.

 

 


Antonio Lopezen babesean egindako ‘La carne’ ere Durangon

 

2012ko udan, Antonio Lopez margolari ezagunak Xabier Gaztelumendi hautatu zuen, bere babesean margotzen jardun zezan. Astebetez, Lopezen ikasle izateko eta bere gomendioak jasotzeko pribilegioa izan zuen, Albaceteko museoko egonaldian. Durangoko Arte eta Historia Museoko erakusketan ikus daiteke emaitza: La Carne izeneko koadroa.

 

\"\"

 

Gaztelumendik dioenez, Lopezen gomendioa izan zen koadroak orain daukan forma amaigabe eta abstraktu horretan uztea margolana.

 

Antonio Lopez pintorearen lana bezala, Francis Bacon eta Lucian Freuden teoriak eta gogoetak ikasgai dituela aitortzen du Xabier Gaztelumendik. Horiekin sentitzen da identifikatuen, “itxura batean gure koadroek elkarren antzik ez duten arren”.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!