Estuasunetan ere, txalo

Anboto 2013ko aza. 11a, 11:43
Igor Elortzak egin du lehenengo Tolosako finalaurrekoan, eta Unai Iturriagak hirugarren. Bata zuzenean eta bestea puntuazioengatik, Txapelketa Nagusiko hurrengo fasera sailkatuko dira durangarrak. Estuasun momentua egon zen Tolosan, Iturriagaren kartzelako poto bat tarteko, baina saio guztiko maila onak azkeneko puntuazion lagundu zion

Igor Elortzak egin du lehenengo Tolosako finalaurrekoan, eta Unai Iturriagak hirugarren -Etxahun Lekuegaz berdinduta-. Bata zuzenean eta bestea puntuazioengatik, Txapelketa Nagusiko hurrengo fasera sailkatuko dira durangarrak. Estuasun momentua egon zen Tolosan, Iturriagaren kartzelako poto bat tarteko, baina saio guztiko maila onak azkeneko puntuazion lagundu zion. 

 

"Muxu"gaz kartzelan poto egin zuela konturatu zenean, Unai Iturriagak eskuak burura eroan zituen eta jendea txaloka hasi zen. Emozio puntu hori izaten du sarritan bertsolaritzak, eta bertsoaldi onak txalotzeaz gain, publikoak babesa emateko ere bero txalotzen badaki. Tolosako Usabal kiroldegian 1.732 lagun batu ziren atzo Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoan. Oholtzan sei bertsolari izan ziren, tartean Igor Elortza eta Unai Iturriaga durangarrak. Iñigo Manzisidor "Mantxi", Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirrek kantatu zuten eurekin.

 

Polito ibili ziren durangarrak, eta Elortzak lortu zituen puntu gehien, 722. Ideietan fresko ibili zen. Zortziko txikian Etxahun Lekueren katua bere katuaren jana jaten harrapatutakoan, aukera bi baloratu zituen: "bata barkatu eta / bestea akatu". Lekuek polito erantzun zion, aurreko gaian kantatutakoari erreferentzia eginez. Izan ere, zortziko nagusian, semeak lagun ikustezina zuela, eta harekin bokadilloa elkarbanatzen zuela eta pozik agertu zen Elortza. Lekuek orduan: "lehengoan esan zeuntzan zure semeari / bokadilloa eman goseak danari/ ez kontrakorik esan zeure katuari".

 

Kartzelako gaian pasiloko argia amatatuta lokartzeak beldurra ematen zien bertsolariei. Elortzak hartz txiki eta guzti, alaba txikiaren paperetik kantatu zuen. Lotarako beldurrarekin, ipuinetako munstroak buruan, halako baten aita komunera joan eta argia piztuta uztea ahaztu zaio. Amaieran polito biribildu du; "gustora egingo dut hemen lolo / ahaztuta mamu eta mozolo / babes leku eder batean / aita ta amaren ohean"

 

Iturriagaren "potomanan pina"

Unai Iturriagak ateraldi politak izan zituen Tolosan. Zortziko nagusian, Amaia Agirregaz batera, adinean aurrera eta orduantxe gorputzarekin deseroso sentitzen hasi zirenean, esaterako, barre algarak sortu zituen publikoan: "zimurrak ez dituzu hainbeste / mitxelin, aizu mesede / oso guapa ikusten zaitut nik / benga, esaidazu zeuk ere".

 

Puntu erantzunetan eta kartzelan irrist egin zion ordea buruak, eta poto egin zuen Iturriagak. Puntu erantzunetan ehiztariei buruz berba egiten, egur nahiko banatu zuen armen kontra. "Lagun" berbarekin egin zuen poto, baina zalantzak piztu zituen horrek publikoan. "Makina bat lagun" eta "ni ez naiz horien lagun" esaldietan  "lagun"ek esangura berdina ez dauka, eta orduan poto al da? Puntuazioari begiratuta, epaileek baietz erabaki zutela ikusi da.

 

Kartzelakoan, preso egon eta gero etxean lotarakoan txarto pasatzen zuenaren paperetik. Kartzelan argiak beti isiotuta egoten direla eta "ohitura txarrenak ere ohitura bihurtzen dira" kantatu zuen. Azken bertsoan, "musu" berbagaz egin zuen poto.

 

Azken agurra kantatzera gerturatu zenean, txalo zaparrada handiagaz babestu zuen publikoak Iturriaga. Potoek puntuazioan eragingo zuela eta bere burua ez zuen ikusi hurrengo fasean: "Bizitza ez da bertsoa / bakarrik jakina / dago zuek lako jende / ederrez egina / aldean banerama / potomanan pina / aulkiak jartzea ere / da langintza duina / eskerrik asko eta / musu handi bina". Saio osoko mailak puntu ugari eman zizkion, ordea, eta hurrengo fasean izango da Iturriaga.

 

Tolosako puntuazioa:

Igor Elortza: 722

Iñigo Mantzisidor, Mantxi: 667,5

Unai Iturriaga: 649

Etxahun Lekue: 649

Jexux Mari Irazu: 638,5

Amaia Agirre: 638

 

Orain arteko sailkapena

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!