Aftitud ongintzako musika jaialdia antolatu du Beat Salad Recordsek

Anboto 2013ko aza. 13a, 08:50
Zapatuan, azararen 16an, 22:30ean, Durangoko Plateruenean ospatuko dute Aftitud jaialdia. Batzen duten dirua Acción contra el hambre GKEak Malin burutzen dituen hainbat proiektutara bideratuko dute antolatzaileek

Zapatuan, azararen 16an, 22:30ean, Durangoko Plateruenean ospatuko dute Aftitud jaialdia. Batzen duten dirua Acción contra el hambre GKEak Malin burutzen dituen hainbat proiektutara bideratuko dute antolatzaileek.

 

\"\"

 

Durangon hip hop musikaren inguruan dabilen Beat Salad Records Durangoko taldeak antolatu du Platerueneko ongintzako jaialdia. Eurak bezala hip hop musikan diharduten hainbat talde gonbidatu dituzte elkartasunezko kontzertu horretan aritzera, eta Acción contra el hambre GKEak Mali herrialdean dauzkan proiektuetara bideratuko dute sarreretatik batutako dirua.

 

Lagun asko batu da ekimenera: kartel oso erakargarria osatu dute. Senegalgo raparen erakusgarri, egun Frantzian bizi den Gaston Banditmic eta Bilbon bizi den Big Thier gonbidatu dituzte, esaterako. Zaragozako La Haine taldea eta Portugaleteko El Puto Ior & Kontrakulturlariak ere zuzenean ariko dira Plateruenean, zapatuan. Iaz kaleratu zuten Lizard diskoa aurkeztuko dute La Haine taldeko aragoiarrek, eta Propaganda izenez 2012an kaleratutakoa, El Puto Ior bizkaitarrek.

 

Aftitud jaialdi honen antolakuntzan diharduen Durangoko Beat Salad taldeko sortzaileek ere parte hartuko dute Platerueneko elkartasun kontzertuan: azken bost urteetako lanaren lagina zuzenean eskainiko dute Beat Salad Crew taldeko Itsua, Dj Jackie, Omzo MF, Ademas eta Gunflow-k.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!