Kaxa beltz bat Plateruenean. Antzinako matadero, zilartegi, plateruen izenak tinko eusten dio kulturaren altzoari. Kasualitatez, edo nahi gabe diote haiek, denboraren azkartasunak eraman du Belako auzoko aitonaren tailerretik muga nahigabetuz gaindi, Belako izatera.
Urte bi pasatxo eta oso “gu” zale ez izanagatik ere,gutar sentitzen dute musika gazteek, esan dezaten ez dela lehenagoko zaratarik entzuten kaleetan; isildu gabe ere hitz egin daiteke, eta bitartean, musikaren indarrak sutuko ditu bihotzak eta beteko dira kaleak, astinduak izango dira, kiskaliko dira. Liburua esku artean hartu, azalari putz egin barruko hautsak kendu nahirik, eta Shakespeare hitza agertu itzaletatik bezala, Hamlet nire esku ahurren gainean. Ez nuen uste izango orduan horrenbestetan agertuko zitzaidala berriro suizida haren itzala, baina, hildakoek ez omen dute itzalik, hala ere, maitasuna uzten dute hutsunearen gainetik. Eta gaur berriz Hamlet, isabeldar antzerkietako lorategi infinituak, Ofelia ibaian, harri pila poltsikoan, eta bizitzari zor diogun heriotzaz berbetan. Williamek berak ere ez luke irudikatuko Hamlet hartatik post-punkerako jauzia, baina hemen ere iluntasuna nagusi, eta hara non dioten musikariek antzinako printze hura dela ispilu. Baina ez dira iraganean iltzatzen, eta ozeanoz bestaldeko lur zatietan ere badaude, asfaltozko oihanetan beroak zerumuga lausotzen duen hirietan, euriak estali ditzala hots eternalak, piztia hiritarren inbasioa profitatuz ametsak idazten ditu artistak, ez letraz soilik, baina memoria ezabatu, eta pauso anonimoek bidean arrastoa uzten dute.
Segi dezagun paperak zikintzen, zuritasunak ez gaitzala itsutu, eta artistak badu bai zeresana, iraultza artetik jaioko da, bestela, nekez izango da.