Gaur eta bihar, Durangoko Arte eta Historia Museoan burutuko dituzte zikloaren mahai-inguruak.
Durangoko Arte eta Historia Museoan, gaur eta bihar jardungo dute Krimenaren Historia Zentroak antolaturiko XI. mahai-inguruan. Inoren ondasunekiko zalekeria neurrigabea: jabetzaren kontrako delituak Historian izenburupean, hainbat berbaldi eta mahai-inguru izango dira Durangoko Museoan.
Euskal Herriko Unibertsitateko, Espainiako Estatuko zein nazioarteko unibertsitateetako irakasle, aditu, eta doktoreek eskainiko dituzte zikloaren barruko berbaldi eta eztabaida saioak.
Durangoko alkateak ekitaldia inauguratu du 10:00etan eta, une honetan, Bolognako (Italia) unibertsitateko Marco Cavina irakaslea dihardu Durangoko jardunaldi horien hasierako txostena aurkezten.
Lapurretei ikuspegi historiko eta juridikotik begiratuko diete Durangoko Krimenaren Historia Zentroak antolatutako jardunaldietan. Itsaslapurretei buruz jardungo dira, esaterako, bihar, jardunaldiaren arratsaldeko saioetan. Ekaitz Etxeberria eta Oskar Aguado EHUko irakasleek itsaslapurretei buruz eskainiko duten berbaldiak itxiko du Krimenaren Historia Zentroak aurten antolaturiko zikloa. BIhar, 17:30ean ariko dira. Bizkaiko XVIII. mendeko itsaslapurretei buruz ariko dira jardunaldiko azken hitzorduan.