Berak idatzi eta antzezten duen ‘Autorretrato de un joven capitalista español’ obra eskaintzera dator Alberto San Juan aktorea Durangaldera. Espainiako Estatuaren azken 45 urteetako historia hartzen du aktore madrildarrak \'Autoretrato de un joven capitalista español\' bakarrizketan ahotan. Zapatuan, Elorrioko Arriola antzokian eskainiko du umore garratzeko emanaldia. Abenduaren 15ean, eskualdean berriro ere, Durangoko San Agustinen eskainiko du obra Alberto San Juan aktoreak.
Apirilean estrenaitu zenuen obra. Zelako harrera egin dizu orain arte ikusleak?
Oso ona, egia esan. Uste dut, gauzak dauden bezala, antzoki batean edo dena delako lekuan, gertatzen ari zaigunaz berba egiteko elkartzea beharrezkoa dela.
Zer ari zaigu gertatzen?
Oso erreta gaude erakundeetatik, Ibex 35eko enpresa handietatik eta bankuetatik jasaten ari garen eraso honegaz. Jende asko ari da sufritzen. Jendeak beldurra eta amorrua dauka barruan, eta horrelako egoeran egin dezakegun gutxiena da guzti horretaz berba egitea. Nik aztoramen handia nabari dut jendeagan, eta komunikazio estua lortzen dugu emanaldietan.
Obraren egilea eta antzezlea zara. Berria da zuretzat horrela lan egitea?
Bai, eta bakarrizketa bat egiten dudan lehenengo aldia ere bada. Nire bizitzari buruzko bakarrizketa da: 1968ean jaio nintzenetik, nire ibilbidea kontatzen duena. Nire bizitzari buruz jardutean, nire herrialdeari buruz dihardut.
Zerk eroan zintuen obra hau sortzera?
Begiak lotuta geundelako sentsazioak, eta begiak zabaldu eta hemen zer gertatzen ari den ulertzeko beharrak eman zidan indarra. Beharrizan horretatik sortu zitzaidan, gero, atzera begiratzeko beharra ere: hona zelan ailegatu garen ulertzeko, eta egungo demokraziaren ahultasuna ulertzeko Espainiak diktaduratik demokraziarako bidea zelan egin zuen ulertzea ezinbestekoa da. Ezjakintasunean eta beldurrean dago oinarrituta boterearen gehiegikeriak ahalbidetzen dituen egungo itun soziala. Gizarte demokratikoan botereak komunitateen erabakia izan beharko luke, eta ez gertatzen ari zaigun bezala, talde batek besteari inposatzen dion zerbait.
Autokritikatik asko dauka obrak.
Bai, izan ere, gauzak aldatzeko beharrezko pausoa dela uste dut. Norbanako bezala, sistemarekin kolaboratzen dugu egunero, eta hori egiteari zelan utzi da, nire ustez, gakoa. Edozelan ere, bakarrizketa komikoa da zapatuan Elorrion eskainiko dudan Autorretrato de un joven capitalista español antzezlana.
Zelan liteke komikoa?
Batetik, komedia oso gustuko generoa dudalako, eta bestetik, umorea ezinbesteko tresna iraultzailea dela uste dudalako. Umorearik bako iraultza porrotera kondenatua dago. Neure buruari egiten dizkiodan galderak planteatzen ditut ikuskizunean, eta batu dudan informazioa eskaintzen diot ikusleari.
Zeintzuk dira galdera horiek?
Esate baterako: Jarrai dezakegu banku kapitalista espekulatzaile batean kontu korrontea edukitzen? Jarraituko dugu argindarra oligopolioko enpresa iruzurgile bati ordaintzen? Jarraituko dugu hirugarren munduan esplotaturiko langileek egindako produktuak saltzen dituzten merkataritza-guneetan erosten?
Zelakoa izan da sormen prozesua?
Hasteko eta behin, dokumentazio lan handia egin dut: asko irakurri dut, eta aipatzen ditudan gaietan aditua den jende askorekin berba egin dut.
Emango irakurritakoen adibiderik?
Hamabost liburu inguru izan dira lan hau egiten lagundu didatenak. Esaterako, Joan Garcésen Soberanos o intervenidos, Espainiako trantsizioa ulertzeko liburu oinarrizkoa da. Estatu barruko zein kanpoko botere antidemokratikoek trantsizioan zelan eragin zuten kontatzen du. Bibliografia oso zabalagaz jardun dut: La CIA en españa, La transición sangrienta edo Los amos del mundo dira beste irakurgai gomendagarri batzuk.
Autokritikarako joera horri lotuta, krisi ekonomiko honen aurretik langileria bere ahalmenen gainetik bizi izan dela dioen teoria ere bolo-bolo dabil. Zer iruditzen zaizu teoria hori?
Masa komunikabideek bultzatzen duten sistemaren propagandaren parte da hori: gezur hutsa. Inor ez da bere ahalmenen gainetik bizi izan. Norbaiti entzun diodan moduan, egin duguna, gure beharrizanen azpitik kobratzea izan da. Horren antzeko beste kanpaina bat bizi dugu orain: medioen bitartez zabaltzen ari diren diskurtsoa da, krisiaren amaiera gertu daukagula, eta gezur handia da hori ere.
Luze jo al dizu obra sortzeak?
Sekula amaitzen ez den prozesu bat da, batetik, inprobisazioak ere bere lekua daukalako, eta bestetik, gelditu barik nabilelako ikuskizunean gauza berriak sartzen: nahi nukeen guztiari buruz ezin dut berba egin, gehiegi luzatuko litzatekeelako ikuskizuna, eta horregatik, emanaldi bakoitzean aldaketak sartzen ditut.