"Publikoa astiro-astiro dabil Erika ezagutzen, eta ni ere bai"

Anboto 2013ko urr. 31a, 12:45
Hamazazpi urtetatik Karrika antzerki taldeko kidea da Joana Ocaña. Barakaldoko Antzerki Eskolan ikasketak egin zituen eta Hortzmuga taldeagaz ere badabil azken urteotan. Uda ostean telebistako esperientzia hasi du, Goenkalen. Erika da bera, Arralden bizi berri bat hasi gura duen pertsona

Hamazazpi urtetatik Karrika antzerki taldeko kidea da Joana Ocaña. Barakaldoko Antzerki Eskolan ikasketak egin zituen eta Hortzmuga taldeagaz ere badabil azken urteotan. Uda ostean telebistako esperientzia hasi du, Goenkalen. Erika da bera, Arralden bizi berri bat hasi gura duen pertsona.

 

Bazabiltza kamara aurrera ohitzen?

Bai, gero eta gehiago. Hasieran arrotza egiten zitzaidan. Antzezteko era oso desberdina da: Antzerkian dena zuzenean da, eta dena bihurtzen da handiago: adierazkortasuna, ahotsa... Gehienetan publikoa aurrez aurre daukazu, eta mila kamara dauzkazu –publikoaren begiak–, eta bakoitzak bere interpretazioa egiten du. Batzuetan, publikoa desagertu-edo egiten da, beste batzuetan, oso gertu izan dugu: adibidez, kalean, edo baita umeekin ere. Orduan oso gertu egoten gara. Telebistakoa oso desberdina da.

 

Mugatuagoa?

Bai. Azkenean, platoa, antzezteko lekua, oso murritza da, estua da. Hiru horma dauzkazu, eta laugarrenean daude kamarak. Batzuetan hiru horma horietako zulo batean, gero, igual, koadro bat eskegita dagoen lekuan kokatzen dituzte kamarak, baina normalean ez dira lekuz mugitzen. Orduan, nik kamarari erakutsi behar diot eurei komeni zaien planoa. Mugitu behar banaiz komunetik irten eta zurekin berba egiteko, oso neurtuta dago noraino mugitu behar naizen eta zertarako. Antinaturaltasun horretara ohitzea apur bat kostatu egiten da: Horretan kontzentratuta zaude, emozioak ondo igorriko dituzun pentsatzen, eta ardura ere bada, oso laburra izango den eszena horri ahalik eta etekin handiena atera gura diozulako.

 

Erikak, zure pertsonaiak, iragan iluna dauka.

Goenkalen, dagoeneko, pista batzuk agertu dira, eta ez dakit guztiz argi geratu den, baina nire pertsonaia transexuala da, mutila izandakoa da. Bizipenetatik transmititzen du asko, sentimenduetatik. Oso momentu latzak pasatu ditu, tratu txarrak jaso ditu, eta beretzako erronka handia izan da leku ezezagun batera bakarrik joatea, horrelako egoera batetik irten berri. Orduan publikoa astiro-astiro dabil Erika ezagutzen, eta ni ere bai. Goenkalen, aktoreok ez ditugu gure pertsonaiak erabat ezagutzen, gidoia ez delako itxia. Ez dakigu norantz eta noraino joango den. Antzerki lanetan desberdina da; pertsonaiak istorioan edukiko duen ibilbidea ezagutzen dugu. Bere izaera eta jarrerak lantzeko era desberdina da.

 

Karrikako aktore bat baino gehiagok parte hartu du Goenkalen.

Bai! Uxue, Coralinaren papera egiten duena ere, Karrikan egondakoa da. Kontatzen hasi, eta lehenengoa Naza izan zen, gero Eneko, gero Uxue eta biok, Endika ere egonda dago figurazio bat egiten...

 

Telebista munduan ikusiko zenuke zure burua?

Nik, azken finean, benetan maite dudana antzerkia da. Jateko eman dit, disfrutatzeko eman dit, lagunak egiteko eman dit. Lan kolektiboa, sorkuntza, zuzeneko ikuskizunak... Hor pizten zaizu harra. Baina beti gura izan dut pelikularen bat egin noiz edo noiz. Iaz halako batean esan nuen, “ba castinga egingo dut, probatzeko sikiera”. Iaz ez ninduten hartu, eta aurtengo deialdian deitu egin didate. Antzerki munduko lagun batzuekin joan, eta hartu egin ninduten. Hau loteria lakoa da. Niretzat kristoren aukera da kamara atzeko mundua ezagutzeko; eskola bat da, teknika berri bat.

 

Telebistatik zerk harritu zaitu?

Gauza kurioso bat da ez dagoela entsegurik. Aurreko batean esan zigun lankide batek: “Hemen gauza bi bete behar dituzue; lehenengoa, etortzea, eta bigarrena, zuen testuak ondo ikastea”. Platora joan aurretik hamar minutuko tarte txiki bat edukitzen dugu aktore zuzendari batekin, entsegu gela deitzen zaion gela batean. Han, eszena planteatzen dugu, entsegu txiki bat, gutxieneko ekintzekin. Adrenalina puntu interesantea dauka horrek. Ezin zara hustu entsegu txiki horretan. Agian negarrez hastea tokatzen zaizu, eta entseguan kontrolatu egin behar duzu, bestela, momentuan sikatuta, eta malko barik geratuko zarelako! Baina beno, horretarako trikimailu asko daude...

 

Zelan ikusten duzu antzerkiaren panorama Euskal Herrian?
Talde amateurrentzako bizirautea zaila egiten da, borondatea behar delako, inplikazioa, musutruk lan egitea eta gero San Agustin moduko lekuak zure lanak erakusteko aukerak emateko. Gaur egun hori arazo bat da. Kultur etxeetan aurrekontuak ere oso txikiak dira. Gero eta gehiago gura da amortizatzea, sarrera bat kobratzen, eta horretarako ahalik eta jende gehien etortzea behar duzu eta beldur asko egoten da nor ekarri, publikoa erakartzeko. Aukeraketa horretan talde amateurrak kaltetuen irteten dira. Gero beti daude nahi duzun hori aurkeztu gura baduzu topatuko duzu lekua, gaztetxean, tabernetan, kaleak... badaude bideak. Mugitzea da kontua. .


Orain egindakoetatik badaukazu antzezlan kuttunen bat?
Egia esan denek daukate zer edo zer berezia. Martxoak 31 antzezlaneko nire pertsonaiari kariño berezia diot. Etxekoandre bat da, gizona gerrara joan zaiona eta seme-alabekin dago... Batzuetan iruditzen zait ezin dudala imajinatu pertsona horiek bizi izan zutena. Oso pertsona gogorrak izango zirela iruditzen zait. Orain migrazioei buruzko lan bat prestatzen gabiltza, eta ahalegintzen gara etorkinen barruan sartu eta bizipen eta sentimenduak komunikatzen. Istorio errealen gaineko antzezlanak egiten gabiltza, eta ederra da istorio horien kronika egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!