Konpromisoa lagun, lau onenen artean ibili daiteke Sasikoa

Anboto 2013ko aza. 1a, 08:49
Iazko estreinako urtean ikasitakoa lagun, eta jokalari esperientziadunak gazteekin batuta, goian ibiltzeko aukera ikusten du Muñoz entrenatzaileak

Iazko estreinako urtean ikasitakoa lagun, eta jokalari esperientziadunak gazteekin batuta, goian ibiltzeko aukera ikusten du Muñoz entrenatzaileak.

 

Emakumeen areto-futbolean Sasikoa da Durangaldeak senior mailan daukan talde bakarra. Iaz sortu zuten taldea, eta estreinako urtean mailari neurria hartzea izan zuten helburu. Iaz batutako esperientzia lagun, aurten taldearen garapenean beste pauso bat eman dezakeela uste du Francisco Muñoz entrenatzaileak.

 

Hori lortzeko osagai nagusia konpromisoa dela uste du Muñozek: “Jokalariek konpromisoa erakutsi dute orain arte, eta horrela jarraitu behar dugu. Denen aldetik konpromiso horri eusten badiogu, nik taldeari lau onenen artean borrokatzeko aukera ikusten diot. Hala ere, jokalariek areto-futbolagaz gozatu dezatela da behinena”. Kontuan hartu behar da iaz goialdean ibili zen Gasteizko talde batek liga utzi duela, eta horrek gainerako taldeen aukerak handitzen dituela. Sasikoak aurten hamabi jokalariz osatutako taldea du, araudiak ahalbidetzen duen maximoa. Jokalari batzuk esperintziadunak dira, eta beste batzuk gazte-gazteak. Uztarketa hori aberasgarria izan daitekeela uste du Muñozek.

 

Ligako lehenengo partidu biak galdu egin dituzte Bilbo eta Leioa taldeen aurka. Joan zen asteburuan, aldiz, denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuten etxean, Soloarte menderatuta (1-0). Asteburuan Bilbora doaz Stilo Berrio B taldearen aurka jokatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!