Kantuaren Kantoia eguaztenetan zabalduko dute, azaro honetan

Anboto 2013ko aza. 4a, 08:41
Aurreko lau edizioetan bezala, lau talde gertutik kantuan eta kontuka entzuteko aukera eskainiko du Durangoko Platerueneko Kantuaren Kantoia ekimenak. Azaroaren 6an, Mungiako Belako taldeak zabalduko du zikloa, eta Audience, Napoka Iria eta Jupiter Jon taldeak ere gonbidatu dituzte

Aurreko lau edizioetan bezala, lau talde gertutik kantuan eta kontuka entzuteko aukera eskainiko du Durangoko Platerueneko Kantuaren Kantoia ekimenak. Azaroaren 6an, Mungiako Belako taldeak zabalduko du zikloa, eta Audience, Napoka Iria eta Jupiter Jon taldeak ere gonbidatu dituzte.

 

\"\"

 

Azken urteetan ez bezala, eguaztenetan izango du, aurten, Durangoko Platerueneko Kantuaren Kantoiak hitzordua. Iazko formatu eta filosofia beragaz, solasaldia eta zuzeneko emanaldi akustikoak uztartuko dituzte asteroko saioetan, bertaratzen diren entzuleek musikariak gertu-gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten. Aurreko urteetan bezala, Jonan Hernandez kazetari durangarrak gidatuko du solasaldia.

 

\"\"

Bosgarren edizio honetan ere, lau emanaldi izango dira, azaroko lau eguaztenetan, Plateruenean. Beste urte batzuetan bakarlariek eta taldeek osatu badute kartela, aurten, musikari gazteen taldeak dira gonbidatu guztiak.

 

Mungiako Belako laukote gazteak zabalduko du, datorren eguaztenean, 2013ko Kantuaren Kantoia. Iaz Gaztea irratiaren maketa lehiaketa irabazi ostean, Eurie izeneko diskoa kaleratu zuten martxoan, eta uda musika jaialdi handietan jotzen eman dute. Euren ibilerei, taldearen hasierei, gustu musikalei eta abarri buruz jardungo dira Belakoko kideak.

 

Azaroko hurrengo hiru asteetan, bestalde, Audience, Napoka Iria eta Jupiter Jon taldeak izango dira Kantuaren Kantoian ariko direnak. Rocka oinarri hartuta, folkera, countryra, edota punkera gerturatuta, aparteko estiloa duten taldeak dira guztiak ere. Euskal Herriko musikagintza berriztu duten taldeak.

 

Mistress games izeneko diskoa kaleratu zuen uda hasieran Audience talde gernikarrak. Rock eta country kutsuko bost kanta biltzen ditu Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten disko horrek. Azaroaren 13an, berben eta doinuen bidez aurkeztuko dituzte kantok, Plateruenean, lagunarteko giroan.

 

Eibarko Napoka Iria taldeko Miren Narbaiza eta Ander Mujika ariko dira Kantuaren Kantoiaren hirugarren hitzorduan. Arnasten ikasteko berriz bigarren diskoa kaleratu berri du bikoteak, eta azaroan bertatik bertara izango dira Durangoko Plateruenean.

 

Azaroaren 27ko Irungo Jupiter Jon taldekoen emanaldiarekin amaituko da aurtengo Kantuaren Kantoia.

 

Kantoiko berri kroniketan

Eguaztenetako Kantuaren Kantoiko esan eta izanen berri, Durangaldeko lau musikazaleren lumatik jasoko du, barikuro, Anboto astekariak. Bezperako sentsazioen berri kroniken bitartez emango dute, Ainhoa Urien edo Igor Elortza moduko eskualdeko kulturzaleek.

 


“Inguruko taldeengandik desberdinak izan gara beti”

 

Belako taldeak zabalduko du Platerueneko Kantuaren Kantoia 2013

 

\"\"

Zelan hartu duzue Kantuaren Kantoian jarduteko gonbita?

Ilusio handia egin digu. Taldeko mutilak, Josu eta neu, joango gara, eta hasieran gitarra birekin zer edo zer egitea pentsatu genuen arren, emanaldia solasaldira mugatu, eta instrumenturik barik aritzea erabaki dugu. Solasaldia izango da hari nagusia, eta baliteke gure bideoklipen bat, edo gustuko dugun talderen baten kantaren bat edo irudiak tartekatzea. Jendearen jakin-minaren arabera moldatuko dugu saioa.

 

Zergatik erabaki duzue kantarik ez eskaintzea?

Taldekide bi bakarrik joango gara Durangora, eta guk biok bakarrik jotzeak kantak gehiegi moldatzea eskatuko lukeela uste dugu. Egia esan, ez gara akustikoen oso zaleak. Beste zerbait eskaini gura dugu: jendeak nahi duena galdetzeko tartea izan dezala, gure eraginak zeintzuk diren azaldu...

 

Berezia da publikoarekin hain hartu-eman zuzena izatea?

Bai, eta Plateruena bera ere berezia da guretzat. Orain urtebete inguru Berri Txarrak taldearen aurretik jo genuen bertan, eta oroitzapen berezia daukagu.

 

Duela aste bi egon zarete Durangoko Txosnagunean kontzertua eskaintzen. Zelakoa izan zen kontzertu hori?

Festa giroan jo genuen, eta hori ere gustatzen zaigu. Ondo dago Bartzelonan eta Madrilen jotzea, baina Euskal Herrian jotzea da gehien gustatzen zaiguna. Oso ondo pasatu genuen Durangon, eta goizaldera arte egon ginen, oso gustura.


Zelan hartzen dute herri txikietako jaietan zuen musika?

Batzuei arraro egiten zaie gure musika, baina Durangon, esaterako, uste dut publikoa ohituta dagoela bestelako doinuak entzutera. Horretan asko lagundu duela uste dut, besteak beste, Plateruenak.


Euskal Herriko musika eszenan ezohikoak dira zuena moduko musika eskaintzak. Horregatik arraro?

Ez dakit, baina hori aldatzen lagundu gura genuke, ahal den heinean esparrua zabaltzen. Hori, dena den, urte askoko lana da, eta ez du talde bakar batek lortuko. Inguruko taldeengandik desberdinak izan gara beti, baina guri gustatzen zaiguna egiten dugu. Beti pentsatu izan dugu: “Jendeari gustatzen bazaio ondo, eta bestela, berdin”. Oso musika gustu antzekoak dauzkagu laurok: gure gurasoengadik jasotakoak.

 

Zertan zabiltzate orain?

Martxoan kaleratu genuen Eurie diskoa, eta gelditu barik gabiltza harrezkero. Orain geldialdi txiki bat egin gura dugu, abendura arte kontzertu gutxiago eskainita. 2014 urtea gogor hasteko indarrak hartuko ditugu, udan ahalik eta jaialdi gehienetan parte hartzeko. Nork daki, beharbada, 2014an bigarren disko bat ere etor daiteke. Urte betea-betea izango da datorrena ere.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!