Emigrazioari buruzko 'Inungane. Sustraiak airean' emanaldi bikoitzean

Anboto 2013ko aza. 2a, 08:26
Platerueneko Zilar Asterako sorturiko \'Inungane. Sustraiak airean\', San Agustinen eskaniko du Karrikak

Platerueneko Zilar Asterako sorturiko \'Inungane. Sustraiak airean\', San Agustinen eskaniko du Karrikak.

 

Aurten gaitzat emigrazioa izango duen Durangoko Platerueneko Zilar Asterako sortu zuen Karrika Antzerki Taldeak Inungane. Sustraiak airean. Datorren astean, obraren emanaldi bikoitza eskainiko dute taldearen entseguetarako lekua ere baden Durangoko San Agustin kulturgunean. Azaroaren 7an eta 8an, 20:00etan eskainiko dute obra. Eneko Sagardoyk eta Jose Martin Urrutia Txotxe-k idatziriko testuan oinarrituriko lana da Inungane. Sustraiak airean, eta azken horrek zuzendu du obra. Ikuskizunean oholtzan diharduten aktoreak, aldiz, Endika Zamalloa, Joana Ocaña, Nazaret Froufe, Uxuri Gallastegi, Eneko Sagardoy, Miren Erdoiza, Alicia Otxoa eta Jon Gorroño dira.

 

Antzezlana sortzeko, etorkinen azaletik jardun gura izan dute Karrika taldekoek: “Sorterritik irteteko arrazoiak zeintzuk diren, zer sentitzen duzun...”, galdetu diote euren buruari, Jose Martin Urrutia Txotxek azaldu zuenez. Ahalik eta ikuspuntu zabalenetik begiratu gura izan diote emigrazioaren gaiari, eta euren burua errealitate horretan kokatu. Hainbat ezaugarri komunean eduki arren, etorkin bakoitzak bere sentipen eta bizipenak dituela adierazi gura dute Karrika taldeko sortzaileek, eta antzezlanean, elementu plastikoekin eta argiztapenarekin jolastuz adierazi dute hori.

 

Donostian, ‘Lurra astinduz’

Beste hitzordu garrantzitsu bat ere badauka azaroan, 1998 urtean Durangoko Institutuko antzerki tailerretik jaio zen Karrika Antzerki Taldeak. Azaroaren 22an eta 24an, Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztuko dute Lurra astinduz. Altxamendu eta garaipen frankistaren osteko urteetako durangarren bizipenak kontatzeko helburuz sortu zuten obra. Durangoko bonbardaketari buruz 2007an taularatu zuten Martxoak 31 antzezlanari jarraipena emateko sortu zuten Lurra astinduz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!