"Plateruena eguneratu behar dugu denon artean: aurrera egin eta garai berriei ekin"

Anboto 2013ko urr. 27a, 08:30
Durangoko Udalaren jabegoa den Landakoko hiltegi zaharra 870 herritarrek emandako laguntza ekonomikoagaz eraberritu ostean, Plateruenak ateak zabaldu zituela bederatzi urte beteko dira urriaren 31n. Durangaldeko kulturgintzaren erdigunea, orain arteko ibilbide oparoa ospatu, gogoeta egin, eta eguneratze lanari ekiteko gogoz dago. Jone Miren Goenaga lehendariak urteurreneko ekitaldira bertaratzeko, eta \"denon artean Plateruena eguneratzeko\" gonbitea zabaldu du. Urteurren ospatze ekitaldia 20:00etan hasiko da

Durangoko Udalaren jabegoa den Landakoko hiltegi zaharra 870 herritarrek emandako laguntza ekonomikoagaz eraberritu ostean, Plateruenak ateak zabaldu zituela bederatzi urte beteko dira urriaren 31n. Durangaldeko kulturgintzaren erdigunea, orain arteko ibilbide oparoa ospatu, gogoeta egin, eta eguneratze lanari ekiteko gogoz dago. Jone Miren Goenaga lehendariak urteurreneko ekitaldira bertaratzeko, eta “denon artean Plateruena eguneratzeko” gonbitea zabaldu du. Urteurren ospatze ekitaldia 20:00etan hasiko da

 

Gogoeta prozesu baten hasieran, eta Plateruenak bide berri bat abiatu behar duenean dator 9. urteurrena. Zer gorputzaldi urteurrenerako?

 

Gorputzaldi ona. Urtero ospatu izan dut Plateruenak urte bat gehiago izatea. Izugarria iruditu izan zait beti, herritarren artean honelako proiektu bat martxan jarri, iraun eta urteak betetzea. Azken urteak gogorrak izan dira. Egungo egoera ekonomikoak asko estutu gaitu gu ere. Doble pozten naiz beste urtebetez esk\"\"aintza kultural zabala eta ostalaritza zerbitzu egokiari eusteko gai izan garelako.

 

Urriaren 31n, zer eta nori zuzenduta egongo da Plateruena?

Eguen hori Plateru eta herritar guztiei zuzendutako ospakizun eguna da. Ospakizun jai bat izango da eta urte osoan hemen jira eta bira ibilitako bazkide, langile, laguntzaile, musikazale, dantzari, bertsozale, antzerkilari, kultur sortzaile eta eragile, festazale… herritarrak, biltzea du helburu. Etxeko ateak zabalik izango ditugu, eta nahi duen guztiari luzatzen diot gonbitea. Deskuidu batean, datorren ostegunean, Plateruenak lepo egiten badu denok etorri zaretelako… asko poztuko gara.

 

Atzera begiratuta, zer balantze egiten duzue orain arteko ibilbideaz?

Balantze positiboa egiten dugu. 9 urte hauetan izan ditugu gure akats eta ez asmatuak… baina atzera begiratu eta etxe honetako kultur eskaintza zabala ikusten dugu. Ibilbide oparoa egin dugu denon artean… eta uste dut asko gozatu dela bertan izan diren ikastaro, elkarrizketa, saio, kontzertu eta ikuskizunetan. Plateruena eguneratu behar dugu denon artean: aurrera begiratu eta garai berriei aurre egitea tokatzen da.

 

Urtebeteko parte-hartze prozesua abiatu duzue. Zer helburugaz?

Plateruena, kulturgune herritarra eta erreferentziazkoa izaten jarraitzea. Durangaldeko sortzaile eta kultura zaleekin, proiektu hau indaberritu eta herriratu nahi dugu. Hamargarren urtetik aurrera ere, orain arte bezala, bidea oparoa izan dadin. Herritarren partaidetza eta gertutasuna landu behar genituela uste genuelako jarri dugu martxan parte-hartze prozesua.

 

Baduzue eredugarri begitantzen zaizuen horrelako parte-hartze prozesurik?

Euskal Herrian badira arretaz jarraitu ditugun egitasmoak. Bakoitzetik alde interesgarrienak hartzen ahalegindu gara, Plateruenak bere bidea egin dezan. Bide hori parte hartu nahi duten guztiekin egin nahi dugu, eta ez diogu mugarik jarriko. Prozesua parte-hartze handiarekin egiten bada, asetuta geratuko gara.

 

Delphy ikerketaren bitartez, Durangaldeko iritzi sortzaileen iritziak ezagutu dituzue. Zertan datza ikerketa hori?

Delphy ikerketa, galdetegi batekin hasi eta parte hartzen duten pertsonen artean eztabaida sortzea helburu duen teknika bat da. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko kideen laguntzagaz egin da ikerketa hori uda aurretik; eta Durangaldeko 30 bat pertsonek parte hartu dute. Jarduera oso ezberdina duten pertsona anonimoak izan dira galdetegi zabal bati erantzun diotenak, eta Plateruenean azken urte hauetan egin denaren inguruko iritzi nagusiak ezagutu ditugu. Orain, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kide den Alicia Suso eta Marta Calvoren tutoretzapean, ikerketaren ondorioekin lanean hasi, eta datorren urteetan Kafe Antzokia izango denaren oinarriak jartzeko prozesu parte-hartzaile herritarra jarri nahi dugu martxan.

 

Zer informazio jaso duzue ikerketatik?Zeintzuk dira ikerketa horretatik atera dituzuen ondorio nagusiak?

Ikerketa horren ondorioz, Plateruenaren nortasuna ondo ezagutzen dela, begi onez ikusten dela, egiten diren ekarpenak onarpen zabala dutela... jakin dugu. Baina baita herritarrek kultur espazioaren antolaketan parte hartzeko aukera izan nahi dutela ere. Hari mutur horiei tiraka hasiko da orain gogoeta prozesua.

 

Zelan lortu sortzaile eta kultura zaleak prozesu horretan inplikatzea?

Ezinbestekoak ditugula esanda? Gehienak nahiko inplikatuta dabiltza, hemen edo beste mila lanetan… Orain, Plateruenaren momentua dela esanda. Honelako prozesuetan ezinbestekoa izaten da jendearen inplikazioa eta partaidetza. Aurrekoan urteurren festarako gonbitea luzatu dizuet eta lanerako deia egiten dizuet orain. Bidelagun behar zaituztegu… Zuen laguntza ezinbesteko izango dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!