DRT eta Uribealdea taldeak batu egin dira emakumeetan, jokalari faltagatik

Anboto 2013ko urr. 24a, 08:40

Printzipioz urteberako akordioa da; talde biak jokalariz justu dabiltzalako hartu dute erabakia

Printzipioz urteberako akordioa da; talde biak jokalariz justu dabiltzalako hartu dute erabakia.

 

\"\"

 

Durango Rugby Taldeko eta Uribealdea klubeko (Mungia-Plentzia) emakumeen talde nagusiak batu egin dira aurten. Durango-Uribealdea deituko da talde berria. Klub biak jokalari kopuru aldetik justu zebiltzan, eta talde bien etorkizuna kolokan zegoen. Printzipioz, urtebeterako akordioa izango da.

 

Talde biek, gutxi gorabehera, hamabina jokalari zituzten, eta kopuru hori ez da nahikoa liga lehiakor bati aurre egiteko. Bi-hiru jokalari lesionatuz gero, partiduak bertan behera uzteko arriskuan zeuden. Azken urte bietan gertatzen ari den arazoa dela azaldu du Joan Manuel Iriondo DRTko presidenteak. Irailean nork bere taldeari eusteko ahalegina egitea erabaki zuten: “Errugbia ezagutzera emateko kanpaina abiatu genuen ikastetxeetan, eta beste ate batzuk ere jo genituen. Lan horrek bere fruituak eman ditu, eta jokalari berri bi batu ditugu, baina hori ez da nahikoa taldearen etorkizuna eta lehiakortasuna bermatzeko”, dio Iriondok. Uribealdeari ere berdin gertatu zaio. Asteon izandako batzarrean adostu dute talde biak batzea.

 

Astean behin batuko dira elkarrekin entrenatzeko: zapatuetan partidurik ez badago, eta, bestela, barikuetan. Gainerako entrenamendu saioak bakoitzak bere kontura egingo ditu. Partiduak txandakatu egingo dituzte; asteburu batean Durangon jokatuko dute, eta hurrengoan Mungian.

 

Euskal liga asteburu honetan hasiko da, baina Durango-Uribealdea taldeak atzeratu egin du Getxoren aurka neurtu behar zituen partidua. Oraindik ez dute data berririk ipini. Beraz, bigarren jardunaldian ekingo diote ligari.

 

Brontzea Bartzelonan


Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen taldeak –zazpi jokalariko modalitatean– brontzezko domina lortu zuen joan zen zapatuan, Bartzelonan jokatu zen autonomien arteko txapelketan. DRTko jokalari bi izan ziren bertan: Uribarri Barrutieta eta Joana Murray.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!