"Egiten dudan betaurreko bakoitza desberdina da"

Anboto 2013ko urr. 25a, 08:37

Patinen egurrarekin eguzkitako betaurreko bereziak egiten ditu. Hainbat modelo landu ditu honezkero. Skatean asko ibiliz gero, hilabetean gastatzen hasten da patinaren ohola. Eta patinaren barruan koloretako geruzak daude. Patinen egurra birziklatuta betaurreko bereziak egiten ditu Jimmy Barcagliak. Venezuelarra da sortzez, Caracasekoa, eta urte asko daroaz skate munduan. Skate eskolak ere ematen ditu Durangaldeko hainbat herritan

Patinen egurrarekin eguzkitako betaurreko bereziak egiten ditu. Hainbat modelo landu ditu honezkero. Skatean asko ibiliz gero, hilabetean gastatzen hasten da patinaren ohola. Eta patinaren barruan koloretako geruzak daude. Patinen egurra birziklatuta betaurreko bereziak egiten ditu Jimmy Barcagliak. Venezuelarra da sortzez, Caracasekoa, eta urte asko daroaz skate munduan. Skate eskolak ere ematen ditu Durangaldeko hainbat herritan.

 

Zelan bururatu zitzaizun patinekin antiojoak egitea?

Beti eduki dut buruan patinak birziklatu eta zer edo zer egitea. Japonen badago bere familiaren tradizioa jarraitzen duen gizon bat, eta eskuz egiten ditu egurrezko betaurrekoak, baina eskuz, era zaharrean. Haren berri eduki nuen, eta skateko oholekin proba egitea pentsatu nuen. Patineko kurba egokia da patilak egiteko, eta iazko udan egin nuen lehen aproba.

 \"\"

Zelan irten ziren lehen betaurreko horiek?

Etxean dauzkat, horman ipinita. Oso barregarriak dira. Neska-laguna barrezka hasi zitzaidan. Hasieran lixatu barik erakutsi nizkion, karratuak ziren, ezer findu bakoak, eta berak barre... Berak pentsatzen zuen ez nintzela hasiko betaurrekoak egiten. Gero kontua fintzen hasi nintzen, eta polito geratu ziren.

 

Patin erabiliak batzen arinago hasi zinen.

Bai. Ni Carasekoa naiz, eta han ohol bat hemen baino askoz garestiagoa da. Oholak asko gastatzen dira; hilabetean egunero patinatzen baduzu, aurrea eta atzeko aldea zabaltzen hasten dira, eta patinak ez dizu berdin erantzuten; daukan kolpea galtzen du. Ni oraindik ere bizitza zuten oholak gordetzen hasi nintzen, eta nire lagunei eskatzen. Venezuelara joan izan naizenean eroan egin ditut, hango lagunei edo plazan patinatzen zebiltzanei emateko. Hara patineteak eroateko proiektu bat pentsatzen hasi nintzen, baina garraioa garestia da, eta kontua konplikatu egiten zen. Tartean betaurrekoena irten zen, eta proiektua albo batera utzi nuen.

 

Hasi zinenetik hona betaurrekoak perfekzionatuko zenituen.

Bai, hainbat modelo dauzkat orain. Betaurrekoen formagaz txantiloi batzuk dauzkat, horrekin egurrean markatu, eta zerrarekin ebakitzen ditut piezak. Gero eskuz lixatzen ditut. Batzuk biribil samarrak dira, besteak karratuagoak... Dagoeneko existitzen diren formak dira.

 

Ez dituzu margotzen?

Patinen ohola geruzez osatuta dago, eta geruzak koloretakoak direnez, gura dudan kolorea topatzen ibiltzen naiz. Betaurreko bakoitza desberdina da.

 

Lehenago ibili zara artisau lanetan?

Beti izan naiz eskuekin trebea. Txikitan beti nenbilen gauzak asmatzen. Caracasen bizi nintzen, hiri barrutik nahiko urrun, naturatik gertu. Arboletan txabolak egiten nituen, zabuak ere bai... Nire aita ere nahiko abila zen, eta hortik ere badatorkidala uste dut. Hona etorri nintzenean ere eskuturrekoak eta lepokoak egiten hasi nintzen, banbuagaz, haziekin...

 

Zelan zabalduko dituzu betaurrekoak?

Banabil denda batzuekin kontaktuan. Skate eta surf dendak ez zaizkit interesatzen, orain orokortu den filosofiagatik. Modak garrantzi handiegia hartu du. Gazteak hor dabiltza, zer ohol daukaten, zelako zapatila... Estetikari garrantzi handiegia ematen diote, eta skateko estrategiak ikasi guran ibiltzen dira, nor den hobea ikusten. Ni saiatzen naiz ikasleei erakusten patinak daukan alde ona dela ez dagoela patinatzeko modu bakar bat. Guztiz librea da; gura duzun moduan patinatu dezakezu, gura duzun trikimailuekin. Ez zara besteei kopiatzen ibili behar.

 

Erraza da skatea zabaltzea?

Abadiñon, Durangon, Iurretan... gabiltza, eta apur bat kostatu egiten da skatea eskoletan sartzea. Jarduera berri bat denez, gurasoek ez dute oso ondo ulertzen. Traña-Matienako eskolan proposatu genuen, baina ezetz esan ziguten, hezur-hausturengatik! Ikasten hasteko eskolak dira, eta ez dira gauza zailak egiten ibiltzen. Gainera, arrisku hori futbolean, saskibaloian... mila kiroletan dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!