Durango Kirol Klubak atletismoa hurreratuko die herritarrei, gaur

Anboto 2013ko urr. 26a, 08:48

Gura duten gaztetxoek askotariko probetan parte hartu ahalko dute eta nagusien erakustaldiak ere prestatu dituzte Ezkurdin, 17:00etatik aurrera; ondoren, lehenengo gaueko krosa egingo dute Durangoko kaleetan

Gura duten gaztetxoek askotariko probetan parte hartu ahalko dute eta nagusien erakustaldiak ere prestatu dituzte Ezkurdin, 17:00etatik aurrera; ondoren, lehenengo gaueko krosa egingo dute Durangoko kaleetan.

 

Durango Kirol Klubak Atletismo Eguna antolatu du zapatuan. Atletismoaren inguruan dagoen ikuspegi zurruna apurtu gura dute ekimenagaz, eta atletismoak modalitate erakargarri asko batzen dituela erakutsi: “Sarritan jendeak uste du atletismoa kilometro askoan korrika egitea dela; ikuspegi itxi horregaz apurtu eta espezialitate asko daudela adierazi gura dugu. Hamaika aukera dago. Beharbada, gazte batek ez du bere burua kilometro askoan korrika ikusten, baina probatzen badu, adibidez, xabalina jaurtitzeko dohain aproposak dituela deskubritu dezake”, adierazi du Orkatz Beitia ekimenaren sustatzaileetako batek.

 

Atletismo Eguna Ezkurdi plazan antolatu dute. 17:00etatik aurrera, 8 eta 13 urte arteko gaztetxoei atletismoko hainbat modalitatetan parte hartzeko aukera eskainiko diete: esprintak, hesi-lasterketak, vortex-jaurtiketa (gaztetxoentzako xabalina-jaurtiketaren ordezkoa) eta abar. Ondoren, nagusien hainbat erakustaldi egongo dira. Batetik, xabalina-jaurtiketan Euskal Herri mailan onenen artean dauden Iñigo eta Asier Zarandonak vortex-jaurtiketa erakustaldia egingo dute. Ondoren, txirrindulari batek korrikalari baten aurka lehiatuko du. Eneritz Iturriaga txirrindulari ohia eta Gerasane Ussia (Espainiako hirugarrena da 400 metroan) 100 bat metroko zuzena nork arinago osatu lehiatuko dira.

 

Gaueko krosa iluntzean

Ondoren, 19:30ean, Durangoko hainbat kaletara zabalduko dute ekimena lehenengo gaueko krosaren bidez. Goienkaletik eta Durangoko hainbat kaletatik 1,5 kilometroko zirkuitua prestatu dute. Hiru mailatako parte hartzaileek (gazteak, nagusiak eta beteranoak) hiru itzuli emango dizkiete zirkuituari. Izen-ematea egunean bertan egin daiteke, eta 12 euroren truk ekimeneko kamiseta ere opari jasoko dute.

 

20:00etan, probaren ostean, sari banaketa eta askotariko oparien zozketak egingo dituzte.

 


"Garrantzitsua iruditzen zait horrelako ekimenetan laguntzea"

 

\"\"Txirrindulariak atleten aurka lehiatuko dituen erronka bereziko protagonistetako bat da Eneritz Iturriaga txirrindulari ohia. Orain gutxi, ebakuntza egin diote sasoi batean sorbalda inguruan ipini zizkioten plakak eta torlojuak kentzeko, baina ez du ekimenera huts egiteko asmorik.

 

Zergatik onartu zenuen eskaintza?

Atletismoa eta antzeko kirolak sustatzeko ekimenak garrantzitsuak iruditzen zaizkit. Gainera, erronka berezi bat da, ikusteko polita, eta emakumeen kirola sustatzeko ere balioko du. Beste hitzordu batzuk aldatu, eta parte hartzea erabaki dut.

 

Sorbaldako ebakuntzak zelan eragingo dizu?

Oraintsu kendu dizkidate sorbalde inguruko plakak eta eurak lotzen zituzten 22 torlojuak. Aspaldiko lesio baten ondorio ziren. Errehabilitazioan nabil, eta adituekin berba egin ondoren, parte hartu nezakeela esan zidaten.

 

Geraxane korrikalari azkarra da.

Bai. El conquistador del fin del mundo telebista saioan ezagutu nuen, neure taldean zegoelako. Sasoi bete-betean dago. Gainera, esprint laburra izango da, eta nire dohainak beti izan dira egokiagoak distantzia luzeetarako laburretarako baino. Irabazten duenak irabazten duela, ikuskizun polita eskaintzea itxaroten dugu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!