Exxasens taldearen disko berriko paisaia musikalak, Plateruenean

Anboto 2013ko urr. 22a, 15:30

\'Satellites\' disko berriko kantak zuzenean joko ditu Exxasens talde katalanak

\'Satellites\' disko berriko kantak zuzenean joko ditu Exxasens talde katalanak.

 

Musika instrumentala egiten du, barikuan, 22:00etan hasita, Durangoko Plateruenean ariko den Exxasens taldeak. Bestelako etiketarik barik, soinu paisaien sortzailetzat dute euren burua: “Entzulea melodia landu eta indartsuko unibertso batera daraman musika” egiten dutela diote musikariek.

 

Taldearen laugarren diskoa, Satellites izenekoa, aurkeztuko dute Durangoko Plateruenean. Disko hori zuzenean aurkeztera etorri dira aste amaiera honetan, Euskal Herrira. Plateruenean ezezik, Tolosako Bonberenean, edo Erandioko Sonora Aretoan ere joko dute.

 

Jaurtitzen dutenetik berriro lurrera ailegatu arte satelite batek egiten duen ibilbidea zortzi kantatan kontatzen duen disko kontzeptuala da Satellites. Orain arteko diskoetan bezala, gitarraren soinua da Exxasens taldearen laugarren diskoaren oinarria, baina pianoa, elektronika eta haize eta sokazko instrumentuak ere uztartu dituzte. Jordi Ruiz gitarristaren ekimenez sortu zuten Exxasens taldea 2007an, Bartzelonan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!