Musika klasikoaren aniztasuna islatzeko bokazioz antolatu du Bartolome Ertzilla Musika Eskolak, azaroan lau kontzertu dakartzan musika zikloa: Durangoko Musika Eskolako lau kantu ikasleren eta piano irakasle biren emanaldia, edota Ara Malikian biolinistaren kontzertua dakartza, besteak beste.
Alfredo Sanz Musika Eskolako zuzendariak, Ana Celia Ormaetxea piano irakasleak, eta Natxo Martinez zinegotziak aurkeztu dute, gaur, XXIV. Musika Hamabostaldia.
Ara Malikian biolinistak eta Fernando Egozkue gitarristak gidaturiko boskoteak zabalduko du 2013ko Durangoko Musika Hamabostaldia, azaroaren 2ko kontzertuagaz. "Biolinista birtuosoa izan arren, musika klasikoa desmitifikatzeko askotariko ekimenak buruturikoa da Ara Malikian", azpimarratu du Alfredo Sanz Musika Eskolako zuzendariak. Hain zuzen, "musika klasikoa herritar guztiei gerturatzeko" helburuagaz antolatzen dute Musika Hamabostaldia. Malikianen boskoteak San Agustin kulturgunean eskainiko duen kontzerturako 10 euroko sarrera ordaindu beharko da. Doako sarrera izango dute Hamabostaldiaren barruko beste hiru emanaldiek.
Malikianena bezala, aurreiritziak apurtzea, eta Durangon musika klasikoaren aniztasuna erakustea da Hamabostaldiaren antolatzaileen helburua. Sanzen berbetan, "herrietan baino, hirieta ohikoagoa den eskaintza" dakar, horretarako, Hamabostaldiak Durangora. Kalitate handiko eskaintza.
Aurten, gainera, Durangoko Musika Eskolan hezitako musikarien bi emanaldi izango dira, Durangoko Musika Hamabostaldian.
Bertako musikariak
Ana Celia Ormaetxea eta Victoria Gavrilchenko piano irakasleek lagunduta, konpositore erromantikoen obrak interpretatuko dituzte, batetik, eskolako lau kantu ikaslek. Azaroaren 7an, Kurutzesantu museoan eskainiko dute, emanaldi hori. Bestetik, musika ikasketei Durangoko Bartolome Ertzillan ekin zien Vanessa Goikoetxea sopranoak ere hartuko du aurtengo Musika Hamabostaldian parte: Mateo Pais pianista italiarrak lagunduta arikoa da, eta operako zein zarzuelako klasikoak eskainiko ditu, Andra Mariko elizako emanaldian, azaroaren 30ean. "Lehen lerroko, maila oso altuko sopranoa da Goikoetxea", azpimarratu du Ormaetxeak.
Eskaintza "jazziago" bat ere badakar, bestalde, Durangoko Musika Hamabostaldiak: Botxo Boogies taldearena. Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarraren obra jazz eran eskainiko du Botxo Boogies taldeak, azaroaren 16an, 20:00etan, Kurutzesantu museoan.