Kanta ezagunen bertsioak jo, eta hiru kanta estreinatuko ditu Silboberrik, zapatuan

Anboto 2013ko urr. 23a, 08:38

Hainbat kanta ezagunen txisturako moldaketak eskainiko dituzte, Landako Guneko emanaldian

Hainbat kanta ezagunen txisturako moldaketak eskainiko dituzte, Landako Guneko emanaldian.

 

Urriaren 26an, 20:00etan, Durangoko Landako Gunean eskainiko du kontzertua Silboberri elkarteak. XIX. edizioa izango da, eta Jabier Ituartek zuzenduko du.

 

Hiru kanta estreinatuko dituzte, eta hainbat kanta ezagunen bertsioak ere joko dituzte: Queen taldearen Bohemian rapsody, John Lennon-en Imagine, La Misión filmeko Ennio Morricone-ren soinu-banda, edo 80ko hamarkadako Urretxindorra taldearen Nahi nuen kantatu, kasurako. Bestalde, Durango blues edo Plateruena kantak, eta Mikel Laboaren Baga, biga abestiaren bertsioa ere eskainiko du Silboberrik.

 

Kontzertura bertaratzen diren entzuleei “programazio anitza eta erakargarria” eskaintzea izan da, txistu kontzertuaren XIX. edizio honetan ere, Silboberri elkartearen helburua.

 

Aitor Amilibia, Iñaki Martin, eta Sergio eta Ortzi Torices txistulariek, metal boskote batek, EHUko abesbatzak eta Gasteizko Udal Folklore Akademiak parte hartuko dute, besteak beste, urriaren 26ko emanaldian, baina beste hainbat instrumentu ere izango dira entzungai: perkusioa, teklatua, baxua eta abar. Guztira, 160 parte hartzailek jardungo dute Landako Guneko emanaldi horretan.

 

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta Eitb-k grabatu egingo du, lehenengoz, ondoren telebistaz eskaintzeko.

 

Joan zen astean, Victoria Eugenian

Donostiako Victoria Eugenia Antzokian aritu ziren joan zen eguenean Silboberri txistu taldeko Aitor Amilibia, Iñaki Martin, Fernando Aurrekoetxea, Sergio Torices eta Elur Arrieta musikariak. Musika garaikideko zikloaren barruan jo zuten, eta txisturako eta perkusiorako sorturiko bost obra interpretatu zituzten, horietako bi estreinekoz. Iñaki Estradak txistu bigaz eta perkusioagaz jotzeko sorturiko Hiru, eta David Cantalejok lau txistuk jo dezaten egindako Contacto estreinatu zituzten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!