Kadeteetan Arandiaren eskuinak erabaki zuen finala. Gazteetan, Etxebarriak partiduko lehen erdian bideratu zuen finala, 11-0 aurrera zelako Gorka Ibarrondoren aurka.
Bariku arratsaldean, Durangoko Ezkurdi Jai-Alai pilotalekua goraino bete zen (beheko harmailak zein goikoak) Cafés Baqué pilota txapelketako finalak ikusteko. Kadeteetan Ander Arandiak 18-8 irabazi zion Oier Etxebarriari. Hasieran oso partidu lehiatua jokatu zuten eta berdinketa asko izan ziren markagailuan. Bigarren zatian, Arandiaren eskuin biziak erabaki zuen partidua.
Gazte mailako finalean Aitor Etxebarria gernikarrak 22-16 irabazi zion Gorka Ibarrondo arrankudiagarrari. Etxebarria 11-0 aurreratu zen: zortzi tanto sakez egin zituen eta beste bi gantxoz. Ibarrondo nerbioso hasi zen eta kantxan asentatzea kostatu zitzaion. Bigarren erdian hobeto jokatu zuen, baina ezin izan zion buelta eman oso aldapa gora jarri zitzaion finalari.
Sari banaketan Bilboko Athletic taldeko Mikel Balentziaga eta Oscar de Marcos futbol jokalariek parte hartu zuten.