Ehunka ikaslek parte hartuko dute Gerediaga Elkarteak eta azokako guneek abenduaren 5erako gazteentzat antolatuko duten ekimenetan.
Programazio zabala antolatuta, indarberritu egin du 48. Durangoko Azokak Ikasleen eguna. Gerediaga Elkarteak asteon jakitera eman duenez, hainbat ekimen parte hartzaile antolatu dituzte Ikasleen egunerako: abenduaren 5erako. Besteak beste, bikoizketa eta ilustrazio tailerrak, idazle eta musikariekin solasaldiak, edota kontzertuak eskainiko dizkiete azokara bertaratzen diren ikasleei: gune bakoitzean ikasleei zuzendutako eskaintza berezitua izango dute.
Urriaren 28ra arteko epea zabaldu du Durangoko Azoka antolatzen duen Geredia Elkarteak, egun horretako ekitaldietan parte hartu gura duten ikastetxeek gura duten ekimenetan izena eman dezaten.
Berbaro elkarteak dihardu Gerediagagaz batera Ikasleen eguna antolatu eta koordinatzen. Azokan, Saguganbara gunea kudeatzen duen Berbaro elkarteko Oihane Barrutiak adierazi duenez, “euskal kulturaren plazarik handiena ezagutzeko etortzen dira txangoan ikastetxeak, eta bisita ahalik eta gehien aprobetxatu eta azokako gune guztiak ikus ditzatela nahi dugu”.
Askotariko tailerrak
Durangoko Azoka liburuz eta diskoz beteriko erakusmahaiak baino gehiago dela ikus dezatela ikasleek, horixe da ikasleei zuzendutako egunaren antolakuntzan jardun direnen helburua. Horretarako, adibidez, Yolanda Arrieta idazlearen Egun batez idazle edo Anboto astekariak gidatuko duen Egun batez kazetari tailerra eskainiko ditu Berbarok. Jon Arretxe idazlearekin eta EH Sukarra taldeko kideekin solasaldia egingo dute Ahotsenean, eta film baten euskarazko bikoizketa egiten erakutsiko diete Irudienean.