'Gu ere bertsotan' ekimena ipini dute martxan Bizkaiko hainbat eskolatan

Anboto 2013ko urr. 17a, 14:25

Durangaldeko bederatzi ikastetxetako 537 ikaslek egin dute bat ekimenagaz

Durangaldeko bederatzi ikastetxetako 537 ikaslek egin dute bat ekimenagaz.

 

Bizkaiko ehun ikastetxetan ipiniko dute martxan Gu ere bertsotan izeneko ekimena, 2013-2014 ikasturtean. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bultzaturiko ekimena da Gu ere bertsotan, eta herrialdeko hainbat udalen eta Mankomunitateren laguntzarekin antolatu dute. Bizkaiko hiru mila ikasle baino gehiagok parte hartuko dute, aurten, bertsolaritzari buruzko ekimen honetan. Durangaldean, Abadiño, Durango, Iurreta, Zaldibar, Otxandio eta Zornotzako bederatzi ikastetxek parte hartuko dute proiektuan. Guztira, 537 ikaslek dihardute eskualdeko eskoletan bertsolaritza lantzen.

 

Hil honetan hasita, eta maiatzera arte, astero ordu batez, bertsolaritzako irakasle batek gidaturiko saioa izango dute ikasleek aukeran. Irakasle horregaz, hamabi sekuentzia didaktiko berri landuko dituzte, eta euskara, kultura, musika, eta trebetasun pertsonal eta sozialak jorratuko dituzte. Durangaldearen kasuan, Xabier Irakulisek eta Arantza Plazak dihardute irakasle lanetan.

 

Bertsoaren bidez, zeharkako beste hainbat gaitasun lantzeko ere baliatuko dute: besteak beste, jendaurrean aritzeko gaitasuna, autoestimua, edota elkarkidetza landuko dituzte.

 

Ekimenaren barruan, gainera, lau urterik behin ospatzen den eta jokoan den Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiari ere jarraipena egingo diote parte hartzaileek.

 

Urteak dira Bizkaiko Bertsozale Elkarteak ikastetxeekin elkarlanean proiektu hori martxan jartzen duena, eta antolatzaileen berbetan, “urteetako lanak ematen duen esperientzia lagun, hobetu eta sendotu” egin dute proiektua urteotan.

 

Irratian ere bai

Ikasgelan egiten duten lana osatzeko, bestelako hainbat jarduera ere ekarriko ditu Gu ere bertsotan ekimenak Bizkaiko ikastetxe horietara. Bertsolaritzari lotuta, eta Bizkaia Irratiarekin lankidetzan, esaterako, Zortziko txikia irrati saioa grabatuko dute astero-astero, urtarrilean hasi eta maiatzera bitartean. Aste bakoitzean, ikastetxe bateko bertsolariek parte hartuko dute programan, eta gelan egindako lana irratiaren bitartez zabalduko dute.

 

Bertso kantaldiak ere antolatuko dituzte, gainera, ekimen horrekin bat eginda. Gitarra-jotzailearen laguntzarekin, kurtsoan ikasitako bertso-kantak kantatuko dituzte gaztetxoek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!