"Jesus de Vicente eskola zaharreko entrenatzailea da, eta gustatzen zait"

Anboto 2013ko urr. 18a, 08:43

Iaz Tabirako Baqué taldea eta saskibaloia utzi zituen 21 urteren ostean, baina ahal duenetan partiduak ikustera joaten da. Jesus de Vicente entrenatzaile berriak taldeari asko eman diezaiokeela uste du

Iaz Tabirako Baqué taldea eta saskibaloia utzi zituen 21 urteren ostean, baina ahal duenetan partiduak ikustera joaten da. Jesus de Vicente entrenatzaile berriak taldeari asko eman diezaiokeela uste du. Emakumeen talde nagusian jokalari erreferentea izan da urte askoan. Une onak, ez hain onak eta hamaika abentura bizi izan ditu. Joan zen denboraldi amaieran agur omenaldia egin zioten. Bere ibilbide oparoa errepasatu, eta aurten taldeak zer eskaini dezakeen aztertu dugu.

 

Zenbat urte eman dituzu saskibaloian jokatzen?

Guztira 21 urte eman ditut saskibaloian, guztiak Tabirakon. Ibilbide horrek hiru urteko parentesia izan du, 2006tik 2009ra, Alemanian egon nintzelako.

 

Lan kontuengatik erabaki duzu saskibaloia uztea?

Ez da lan kontuengatik bakarrik izan. Saskibaloiak konpromiso bat eskatzen du; astegunetako entrenamenduek ez ninduten arduratzen eta ondo etortzen zitzaizkidan burua bizkortzeko, baina asteburuetako partiduetako denbora beste kontu batzuetara bideratzea gura nuela sentitzen nuen. Horrez gainera, adinak ere eragiten du psikologikoki, zeren eta nire taldekideak oso gazteak izan dira azken urteetan. Beteranoena izan naiz askogatik. Modu batera edo bestera eragiten du.

 

Gaitz egin zaizu saskibaloia alde batera uztea?

Ezer ez egitera ohitzea ez da hain gaitza, baina konturatzen zara denbora pilo bat geratzen zaizula libre, batez ere, astegunetan. Lanetik irten eta zer edo zer egitea faltan botatzen dut. Arazoa da oraindik ez dakidala beste zer gustatzen zaidan.

 

Astelehenak beteta dituzu.

Astelehenak bai. Tabirakoko jokalari ohiak lagunarteko partiduak jokatzeko batzen gara. Hamar bat lagun egoten gara.

 

Entrenatzaile bokaziorik bai?

Alemaniara joan aurreko lau urteetan gaztetxoen talde bat entrenatu nuen. Oso esperientzia polita izan zen, baina denbora saskibaloiari eskaintzekotan, gurago nuke jokalari aritu entrenatzaile baino, oraindik fisikoki ondo aurkitzen naizelako.

 

Iaz denboraldi oso ona burutu zenuten. Mailaz igotzeko aukera ikusten zenuten?

Bai, jakina! (Barreak). Beste guztien gainetik talde indartsu bi zeuden, baina hirugarrenak ezin zuen igo, goragoko mailako baten bigarren taldea zelako. Lehenengo igoera fasea gainditzea posible ikusten genuen. Azken partidua gutxigatik galdu genuelako geratu ginen kanpoan. Gainera, ligan talde horri irabazita geunden. Horregatik uste genuen posible zela lehen fase hori gainditzea.

 

Zer gertatu zitzaizuen partidu erabakigarri horretan?

Presioari aurre egitea ez da erraza. Talde gaztea ere bada… baina gerlariak dira, oso borrokalariak. Zuten guztia eman zuten.

 

Beteranoak talde nagusira batzen diren gazteen erreferente izaten dira. Sentitu duzu zelanbaiteko erantzukizunik?

Beti esaten da deabruak gehiago dakiela bere adinagatik deabrua delako baino. Bai, erantzukizun hori igarri dut. Jokalari gazteei borrokarako grina hori sartzea badago gure esku, beti ere kakotx artean esanda. Ikusten duzu euren ispilua zarela, eta nagusiagoek beti errespetu bat sortzen dute.

 

Tabirako Baquén bizi izan dituzun unerik txarrenak belauneko lesioak izan dira?

Bai, askogatik gainera. Emakumeen ligako bigarren mailan jokatzen genbiltzanean lesionatu nintzen. Maila horretan jokatu genuen bost urteetan taldean egon nintzen. Denboraldi-aurre batean lesionatu nintzen 19 urte nituela. Lotailu-haustura izan nuen, eta ebakuntza egin zidaten. Errekuperazioa ez zen ona izan, eta Santurtziko fisioterapeuta batengana bidali ninduten. Sasoi batean egunero lau orduz Santurtzira joaten nintzen. Ondoren, beste ebakuntza bat egin zidaten belaun berean, eta berriro hasi nuen errekuperazioa. Erabat errekuperatu arte pare bat urte inguru joan ziren.

 

Eta zeintzuk izan dira unerik onenak?

Haur-kategorian eta kadeteetan Espainiako txapelketara joan ginen aldiak. Gazteetako urteak ere oso politak izan ziren. Emakumeen ligako bigarren mailako urteen gomuta ona dut, batez ere, aurreneko urte biena, mailan jokatzeko ilusioa genuelako. Maila horretako jokalari gehienak saskibaloitik bizi ziren, eta talderik gehienek fitxaketak egiten zituzten. Geu ginen salbuespena. Gu durangarrak ginen, eta Iurretako jokalari bat izan zen gure kanpoko fitxaketa (barreak). Jaitsiera fase bi gainditu genituen, eta hirugarrenean jaitsi ginen.

 

Joan zen denboraldi amaieran omenaldia egin zizuetan Alberto Molina (emakumeen entrenatzaile ohia) eta bioi. Zelan gogoratzen duzu egun hori?

Emozioz beteriko eguna, pozgarria eta tristea izan zen, dena batera. Baina, bai, oso polita izan zen. Ez nuen espero hainbesteko ekitaldirik: opariak, lore-sorta…

 

Aurten emakumeek indartsu hasi dute liga. Bi partidutik bi garaipen. Noraino heldu daitezke?

Altura falta daukagu. Iaz hiru-lau pibot genituen. Aurten bi daude, baina bat lesionatuta egongo da Gabon ostera arte. Alde horretatik hutsunea dugu. Baina sartu diren entrenatzaileek ukitu berri bat eman diote taldeari, eta azkarrak eta arinak izaten ikasiko dutela uste dut. Kanpotik jaurtiketa ona dugu, baina, oro har, garaiera faltari aurre egiteko joko arina egin beharko dute.

 

Zure talde ohiaren partiduak ikustera joaten zara?

Joan zen asteburukoa ikustera joan nintzen, eta txarto pasatu nuen, oso urduri nengoen. Ahal dudan heinean saiatuko naiz partiduetara joaten.

 

Jesus de Vicente entrenatzaileak zer eskaini dezake?

Taldearentzako entrenatzaile egokia da. Eskola zaharrekoa da, eta niri horrelako entrenatzaileak asko gustatzen zaizkit. Egia esanda, omenaldia egin aurretik jakin izan banu aurtengo entrenatzailea Jesus de Vicente izango zela ez dakit zer erabaki hartuko nuen… Taldeari defentsa lan ona eta baloiaren jabetza dutenean joko azkar eta bizia eskaini diezaiokeela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!