Zer moduz joan zen barikuko inaugurazio ekitaldia?
Betiko jarraitzaile leialak eta aspaldiko lagunak ikusteko aukera izan zen, musika emanaldia ere eduki genuen, gainera, Ander Erzilla, Joxi Berna eta Txutxo Iturralderen eskutik.
Durangoko museoan zure lanak erakusten dituzun lehenengo aldia da?
Ez, hirugarren aldia da hau. Baina aspaldi antolatu genituen beste bi emanaldi horiek: azkena duela zazpi-zortzi urte.
Azken koadroek ez daukate, baina, orain arte erakutsi dituzunekin zerikusirik, ezta?
Momentuan gogoak eskatzen didana egiten dut, ez diot nire buruari galdetzen une bakoitzean zergatik nabilen nabilena egiten.
Durangoko museoko erakusketan, ura da koadroak biltzen dituen gaia. Konplexua dirudi ura margozteak. Hala da?
Ez zait zail egiten, disfrutatu egiten dut ura margotzen. Horretan jardun dut azken urteetan. Beste denboraldi bat zeruak egiten eman nuen; distirak eta erreflexuak margotzen.
Zenbateko dedikazioa dauka koadro bakoitzak?
Bakoitzak berea, egia esan. Batzuk lanegun batean hasi eta amaitutakoak dira, eta freskotasun ikaragarria daukate, baina oso nekagarria izaten da hori. Horrelako baten ostean, gero astebete eman dezakezu margotu barik... Dena den, denbora gehiegi zuzentzen ibiltzeak ez dakar gauza onik. Hori guztia egiteko atzetik lanketa luzea dago.
Tresnak hartuta joaten zara margotuko dituzun lekuetara, edo argazkiekin egiten duzu lan?
Berezi egiten zaizkidan lekuetan, argazkiak egin, eta estudioan egiten dut marrazkia. Garrantzitsua da jesarri, begiratu, eta argazkia egitea. Bizikleta eta argazki kamera hartuta joaten naiz. Estudioan lortu behar duzuna, esaterako, irudiari mugimendua ematea da. Inoiz egiten dudana da, koaderno bategaz joan, eta nagoen lekuan bertan, arkatzagaz zer edo zer txikia egin. Formatu horretakoak estudioan egin beharrekoak dira.
Pintura irakaslea ere bazara.
Udaleko ikastaroetan dihardut, Pinondo Etxean, duela hogei urte ingurutik. Erretiratu asko eta jende gaztea ditut ikasle, eta oso gustura nabil irakasle lanetan.
Zelan hasi zinen margogintzan?
Beti margotu izan dut. Hasieran, lumagaz eta arkatzagaz. Oso margo soilak egiten nituen.
Frai Juan de Zumarragaren brontzezko bustoaren koadroan lortutako erreflexuekin bereziki harro dago Jaime Vicario: “Ez dakit zelan lortu dudan ere”. Itsasoko uraren hainbat aldaera margotu dituen eragaz ere, eta baita argiaren eta gardentasunaren lanketagaz ere oso pozik dago. Zarauzko hondartzako surflarien irudia ere azpimarratu du: “Hiru olatu daude hor: datorrena, harrapatu zaituena eta apurtu dena”.
Orokorrean, sormen bulkadak bultzatuta margotzen dituen koadroek uzten dute Jaime Vicario gusturen. Mugarrako pinuen koadroko zerua ere horrela sortu zuela kontatu digu.
Naturak, paisaiek, garrantzi handia dute Jaime Vicarioren margogintzan, eta Urdaibain, Izaro irlari, besteak besteak, koadro asko egindakoa da: leku berezia, “zoragarria”, Vicarioren berbetan Urdaibaiko biosfera. Duranagaldeko Atxarte, Untzillatx, Anboto, edo Urkiola bezala. Lagunen ortuetan, loreak eta ortuariak ere asko margotzen ditu.
Durangoko museoan azaroaren 3ra arte zabalik egongo den erakusketan, baina, urdina da kolore nagusia. |