Txosnaguneko zarata mugatzaileen polemikaren harira, EH Bilduko zinegotziek prentsaurrekoa eman dute. Euren ustez, Txosna batzordearen kalterako oztopoa ipini gura izan du EAJk. "Polemika sortu du, ez zegoen lekuan", esan dute. Adierazi dute kultura batzordean aho batez onartu zela txosna batzordearen hasierako proposamena. Gezurretan ibiltzea leporatu diote gobernu taldeari.
Arrate Elkoro zinegotziak euskaraz irakurri du EH BIlduko zinegotzien testua. EAJ gezurretan dabilela diote. Atzo, gobernu taldeak prentsa ohar bat bidali zuen, esanez azkenean txosna batzordearen zarata mugatzaileak egongo direla jaietan, eta ez udalarenak. Txosna batzordeko kideek azken momentuan aldatu dutela erabakiz, eta Bildu, PSE-EE eta Aralarrek hori babestu dutela. Antza, konexio telematiko barik, udalak ezingo luke kontrolatu musikaren bolumena. Baina, txosna batzordekoek hori gezurtatu dute, eta PSE-EE eta EH Bildukoek ere bai. Azaldu dute joan zen astean aho batez onartu zela txosnen proposamena kultura batzordean, jeltzaleen botoekin ere bai. Txosnetakoek soinu aditu bat eroan zuten batzarrera, esateko udalaren mugatzaileak zaharkituta daudela, eta beste enpresa batenak hartzeko. Iaz, mugatzaileak deskonektatu ziren, euren eraginez lehenengo egunean ez zelako musikarik entzuten. Elkorok Aitziber Irigoras alkatea kritikatu du, esanez iaz arazoa soluzionatzea proposatu ziotela eta ez ei zuelako ezer egin. "Mugatzaileak deskonektatuta, iaz ere udalak ez zuen kontrolatu musika, baina ez zen arduratu".
Eta, jaiak hasi baino egun bi lehenago urgentziazko batzordea deitu zuen gobernu taldeak. Bertan, teknikarien txosten bat aurkeztu zuten, udalaren mugatzaileen aldekoa zena ustez. EH Bildukoek esan dute oraindik ezin izan dutela eskuratu txosten hori. Baina, ez zen aurrera atera, Bildu, PSE-EE eta Aralarrek kontra bozkatu zutelako. Horregatik, EAJk hiru alderdiok kritikatu ditu. EH Bilduko Dani Maezturen ustez, EAJren "maniobra" bat izan da, "txosna batzordearen lana desprestigiatzeko".
"Agerian geratu da berriro ere, EAJk ez dituela gogoko jai herrikoiak, urtero ari baita oztopoak asmatzen txosna batzordearen kalterako". Euren iritziz, txosna batzordeak urtero "lezioa" ematen dio gobernu taldeari: "Autogestioaz, sentsibilitate ugaritako jendearen lanagaz eta borondateagaz jai herrikoiak aurrera ateratzeko gaitasuna erakutsi dute". Jeltzaleen gestioaren kontra egin dute independentistek: "Honetan ere, udal gobernuaren gaitasun eta irizpide falta agerian geratu da. Jaiak gestionatzeko kapaz ez badira, zelan gestionatuko dituzte aurrekontuak...?".
Txosna batzordearen jai eredua babestu dute EH Bilduko zinegotziek, eta esan dute jai alai eta erreibindikatiboak izatea espero dutela, "nahiz eta EAJk zapuzten saiatu".