Atzo inauguratu zuten Fuertesen erakusketa, Durangoko Plateruenenan, eta urriaren 31ra arte izango dira bere argazkiak bertan ikusgai.
Atzo zabaldu zuen Zaloa Fuertes argazkilariak Durangoko Plateruenean ipini duen erakusketa. Egun bat, argazki bat proiektuaren lagin bat biltzen du erakusketa horrek. Urriaren 31ra arte egongo da Plateruenean ikusgai. Zaloa Fuertesen berbetan, “jolasa” da beretzat proiektu hori, eta gustura jardun du bi urtez mugikorragaz argazki bat egiten egunean.
Urtebeterako proiektua zen, baina gustura dabil Fuertes, eta jarraitu egiten du egunero proiektua gauzatzen: esaterako, atzo Espainiako Kongresuan abortu eskubidearen alde hiru emakumek egin zuten ekintzaren egunkariko argazkiari egindako erretratua da Zaloa Fuertesen Egun bat, argazki bat ekimeneko urriaren 10eko irudia.
Mexikon argazkigintza ikasten zegoela, 2011ko urrian, Alejandro Gutierrez irakasleak proposatuta ekin zion egitasmoari, eta Gutierrez ere ariketa bera egiten dabil Mexikon.
Begirada zabalduta
Proiektua martxan eduki duen denboran egindako argazkietatik, gustukoen dituen 45 aukeratu ditu Fuertesek Platerueneko erakusketan ipintzeko. Denboragaz, lengoaia propio bat garatu duela sentitzen duela dio egileak: azken aldian egiten dituen argazkiak esanguratsuagoak direla uste du. Hain zuzen, udan Mexiko eta AEBetara egindako bidaian egindakoak dira erakusketan bildu dituen argazkietako gehienak. Azkenaldian argazki “metaforikoagoak” egiten dabilela dio Fuertesek, eta autoerretratu eta erretratu gehiago egiten dituela.
Platerueneko erakusketaren kartela egiteko, aldiz, Seattleko fish & chips jatetxe batean egindako argazkia aukeratu du: “bidaiaren, hegoen, askatasunaren” zentzua islatzen duelako.
Gai eta estetika mota askoko argazkiak daude erakusketan. Oharkabean igarotzen zaigun egunerokotasunari begiratzeko astia hartuta egindakoak: “Begiak zabaldu; gora, behera, eta alboetara begiratu, eta ‘gaur hemen dago argazkia’ esatea da ariketaren muina”, egilearen berbetan.
“Modu batean protesta bat ere bada Egun bat, argazki bat”, dio Zaloa Fuertesek: egunero bonbardatzen gaituzten irudiei geure ikupegitik erantzutea defendatzeko modu bat.