"Gaur egungo azokak elkarlan barik ez du zentzurik"

Anboto 2013ko urr. 11a, 10:30

Azoka berritzaile baten aldeko apustua egin du aurten Gerediagak. Lehenengo nobedadea izen aldaketarena izan da. ‘Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka’ beharrean ‘Durangoko Azoka’ deituko diote. Bigarrena, Itziar Okariz artistak sortutako kartela, inor epel uzten ez duen horietakoa. Abenduaren 5etik 8ra izango da zita, Durangon

Azoka berritzaile baten aldeko apustua egin du aurten Gerediagak. Lehenengo nobedadea izen aldaketarena izan da. ‘Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka’ beharrean ‘Durangoko Azoka’ deituko diote. Bigarrena, Itziar Okariz artistak sortutako kartela, inor epel uzten ez duen horietakoa. Abenduaren 5etik 8ra izango da zita, Durangon.

 

48. edizioan azokari izena aldatzea erabaki duzue.

Durangoko Azoka izena jartzea arrazoi natural batengatik erabaki dugu. Liburu eta disko azokatik kultur plaza handi batera pasatu gara. Izen berriak modu irekiago eta osatuago batean azaltzen du gaur egungo azokaren izaera. Horrela ulertu du behintzat izena aldatzea erabaki duen Gerediagako zuzendaritzak.

 

Aurten azokaren kartela guztiz berritzailea da.

Ez da ohiko kartel bat. Egilearen azalpena entzun eta gero, oso aproposa iruditu zait. Gainera, garbi geneukan etorkizunera begira azokak kalitatezkoa eta berritzailea izan behar zuela, eta uste dut bide horretatik goazela.

 

Goenagaren kontratua ez berritzeak izan dituen ondorioez hausnartu duzue?

Erabakia hartu aurretik hausnartu genuen gehien, eta hori benetan gogorra izan zen. Erabakia behin hartuta, oso hilabete gogorrak pasatu ditut, bai modu pertsonalean, baita Gerediagako kide moduan ere. Krisi horretatik ikasi eta sufritu egin dugula esango nuke. Prentsa oharra kaleratuta ez genuen ondo egin. Gure intentzioa ez zen inor mintzea izan. Hala ere, langile eta enpresa edo elkarte askotan gertatzen den moduan, arazo profesional bat izan zen, eta gure intimitatean geratuko da orduan gertatu zena.

 

Une hartan ematen zuen elkarlanaren eta guneen azoka kolokan zegoela.

Ez dugu inoiz zalantzan jarri hori denik azokak behar duen eredua. Planteamendu hori ez zen iazko azokan sortu. Berbaro elkarteagaz Haur Literatur Aretoa hainbeste urtean antolatu dugu, eta gerora, beste elkarte batzuekin ere azoka hazten joan da. 2008an Ahotsenea txertatu zen, eta 2009an Azoka Telebista. 2011ko plan estrategikoan ere jaso genuen eredu hori indartu behar genuela. Gaur egungo azokak elkarlan barik ez du zentzurik. Baina jende askok borondatezko lanagaz parte hartzen duen azoka batean desadostasunak izaten dira, baina normaltasun baten barruan.

 

Zeintzuk dira azokaren erronkak?

Plan estrategikoak zehazten dituen erronkak honako hauek dira: Durangora, herri osora azoka zabaltzea, kulturaren arlo ugariak gureganatzea, azoka bakar bat islatzea, eta jende gaztea erakartzea. Hurrengo belaunaldientzat, modu natural batean, abendua heltzerakoan azoka euren elkargunea izatea gurako genuke. Ahalegin berezi bat egin behar dugu horretan.

 

Azokak igarri al du krisi ekonomikorik?

Azken bi urteotan galerak izan ditugu azoka antolatzerakoan. Krisiak stand gutxiago jartzea ere eragin du. Dirua murriztu den neurrian, guk kontrara egin dugu: azoka indartu, herrira zabaldu, eta hainbat eragile mahai baten bueltan batu.

 

Aurtengo nobedaderik kontatu daiteke?

Hainbat elkarte eta norbanakoren laguntza jaso dugu Eskoziako errealitatea azokan lantzeko. Oso interesgarria izango da. Esate baterako, areto nagusiari buelta bat eman gura diogu, ikaslearen eguna berreskuratuko dugu, eta antzerki amateur emanaldiak eskainiko dituzte San Agustin kulturgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!