Durango Ilarduyak denboraldi berriari ekingo dio gaur, Zarautzen kontra

Anboto 2013ko urr. 12a, 08:55

Iaz mailari ozta-ozta eutsi ostean, aurten aurrerapauso bat ematea dute helburu

Iaz mailari ozta-ozta eutsi ostean, aurten aurrerapauso bat ematea dute helburu.

 

Durango Ilarduya gizonen talde nagusiak Ohorezko B mailari ekingo dio gaur Zarautzen kontra, 16:30ean, Arripausuetan. Iaz mailari ozta-ozta eutsi ostean, aurten goranzko pauso bat ematea dute helburu.

 

Oro har, iazko taldeari eutsi diote aurten, baina jokalari garrantzitsu batzuk galdu dituzte, batez ere, aurrealdean. Arrazoi bategatik edo beste bategatik, Maxi Mendez, Berdaitz Iturralde eta Iker Hercek taldea utzi dute. Hiru jokalariek aurrealdeko postuetan jokatzen dute, eta taldean pisu handia izan duten jokalariak dira. Horien hutsunea betetzeko, jokalari batzuen posizioak berrezarri egin behar izan dituela adierazi du Peio Urkidi entrenatzaileak. Jokalarien esperientzia eta dohaiak hartu ditu oinarri erabaki horiek hartzerako orduan. Liga hasierarako duten beste hutsune bat Enrique Gasconena da. Iaz lesionatu egin zen, eta oraindik ez dago jokatzeko moduan: “Gabon osterako taldeari batzea itxaroten dugu”, azaldu du Urkidik.

 

Iaz taldeari kosta egin zitzaion partiduak aurrera ateratzea, batez ere, jokalari gazte berri asko zituztelako. Aurten, jokalari horiek urtebete gehiagoko esperientzia dute, eta jokalari batzuek taldea utzi behar izan duten arren, Urkidik argi du aurten “aurrerapauso bat” eman behar dutela: “Iazko denboraldia gogorra izan zen. Jokalariek azken unera arte erakutsi zuten konpromisoa, eta hori goraipatzekoa da. Aurten denboraldi berri bat dugu aurretik. Oviedo eta Coruña kenduta, gainerako talde guztiak euskaldunak dira. Maila handiagoko Euskal Liga baten antzerakoa izango da aurtengoa. Aurten, atzeko postuak ahaztu, eta sailkapenaren erdian egoteko moduko taldea dugula uste dut”.

 

Emakumeak errugbi 7an

Emakumeen taldea, aldiz, errugbi zazpiko txapelketa jokatzen ari da azken hilabete eta erdian. Gaur egun, bosgarren daude sailkapenean. Txapelketa hori amaitu ondoren, urriaren amaieran hasiko dute 15 jokalariko errugbi txapelketa Euskal Ligan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!