Durangaldea Dario de Regoyos inpresionistaren begietatik

Anboto 2013ko urr. 8a, 12:38

Bilboko Arte Ederren Museoak Regoyos margolariari eskainitako erakusketan Durango eta inguruetako bista ederrak bildu dituzte

Bilboko Arte Ederren Museoak Regoyos margolariari eskainitako erakusketan Durango eta inguruetako bista ederrak bildu dituzte.

 

Asturiarra izan arren euskal pinturagintza modernoaren erreferente bat da Darío de Regoyos (Ribadesella, 1857 - Bartzelona, 1913). Belgikan inpresionisten eta postinpresionisten eskutik ikasi eta Europan eta Espainian zehar bidaiatu ostean, Euskal Herrian aurkitu zuen paisaia begikoena. Herri ugaritan bizitakoa, hara eta hona emaztea eta seme-alabak lagun, inpresionismoaren abenturari ekin zion.

 

Besteak beste 1897 eta 1907a bitartean hurbildu zen Durangaldera, sarritan. 1905ean Durangoko Artekalen bizi izan zen, bere emaztea Arrasateko psikiatrikoan zen bitartean; 1907an, ostera, orduko Olmedal kalean –egungo Ermodon-, Iurretan estudio bat zuelarik. Hamarnaka lan egin zituen estantzia haietan, hala nola, Urkiola, Arrazola, Elorrio zein Durangoko bista ezberdinak, pintzelkada azkar eta koloretsuaz, momentuko argia, eguratsaren une-uneko inpresioa, harrapatu guran.

 

Horietako batzuk daude Bilboko erakusketa handian. Alde batetik, Mugarra haitz monumentalaren ikuspegi ederra, Anbotoko mendizerraren bi bista –bata Durangotik eta bestea Abadiñotik-, eta Durango hiribilduko paisaia bat, atzean Untzillaitz eta Eskubaratz direla. Bestetik, Andra Mariko elizpeko merkatuaren koadro bikaina –baita 1897an gauzatutako Pais Basco izeneko grabatu bildumarako egindako elizpearen barne bista-, Kurutziaga, Pinondo zein Iurretako eszena bi –bata herriarena, beste bat ziur aski Arriaundi inguruko erreka izkina batena- ere presente dira. Regoyos bera Durangoko kale batean ume eta helduez inguratuta agertzen den argazki polita badago baita.

 

Faltan sumatzen dira Artekalen egindako bi koadro eder –bata goizez, bestea arratsaldez-, hondoan Santa Anako arkua eta Untzillaitz mendiak direlarik. Nolanahi ere, euskal pintore handienetako batek behar zuen erakusketaren aurrean gaude duda barik, eta gurean gauzatutako lanek badute merezitako lekua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!