Datozen hileei begira, eskaintza zabala egin dute Durangoko udal liburutegian: ume zein helduentzako ipuin kontalarien saioak, eta adin guztientzako irakurkera klubak antolatu dituzte, besteak beste.
Jon Kepa Garro Bibliotekako presidenteak azaldu zuenez, aurreko urteetan martxan ipinitako ekimenak mantenduko dituzte udazken-negu honetan, Durangoko udal liburutegian. Nagusiei zuzenduriko ekimen berri bi ere abiatuko dituzte, gainera: nagusientzako joku literarioen tailerra eta irakurketa errazen kluba, hain zuzen. Udalaren Nagusien sailak eta Udal Bibliotekak elkarlanean bultzaturiko ekimenak dira biak: Ricardo Combi antzerkigilearekin, literatura eta idazkuntza jorratuko dute joku literarioen tailerrean; eta nagusientzako propio moldaturiko liburuen bueltan batuko dira irakurketa errazen klubean.
Urrian, azaroan eta abenduan, bestalde, umeentzako eta helduentzako hiruna ipuin kontalaritza saio eskainiko dituzte, Durangoko udal liburutegian. Urrian, esaterako, Virginia Imazek jardungo du 20:00etan hasitam helduentzako; eta urriaren 26an, umeei ipuinak kontatzen ariko da, 12:00etatik aurrera, Belen Azkarate.
Azken urteotan liburutegiko erabiltzaileen harrera beroa izan duten beste hainbat ekimen ere mantenduko dituzte, udazken-negu honetan, Durangoko udal liburutegian: 0 eta 3 urte arteko umeentzako eta euren hezitzaileentzako pentsatutako Azalerako ipuinak ekimena, edota gazteen irakurle klubak, eskainiko dituzte, kasurako.