"Hamabi urtegaz triste ikusten nituen amamaren altzariak sitsak janda"

Anboto 2013ko urr. 4a, 08:24
Zakarrontzira botatzeko zen pertsiana zahar bat aldizkariak uzteko leku bihurtu daiteke. Botila zabal bat, lanpara. Beatriz Etxeberriak ideia ugari dauzka altzari kuttunak zaharberritzeko, eta mota askotako objektuak birziklatzeko. Arratsaldero egoten da Zabale kaleko bere tailerrean, eta ikastaroak ere ematen ditu

Zakarrontzira botatzeko zen pertsiana zahar bat aldizkariak uzteko leku bihurtu daiteke. Botila zabal bat, lanpara. Beatriz Etxeberriak ideia ugari dauzka altzari kuttunak zaharberritzeko, eta mota askotako objektuak birziklatzeko. Arratsaldero egoten da Zabale kaleko bere tailerrean, eta ikastaroak ere ematen ditu.

 

Noiztik daukazu altzariak berritu eta birziklatzeko ohitura?

Txikitatik. Ni Ermuan jaio nintzen, nahiko zaharra zen etxe handi batean, eta han arazoak genituen sitsarekin. Hamabi urtegaz dagoeneko triste ipintzen nintzen, amamaren altzariak hautsa eta hautsa botatzen ikusita. Hain politak ziren! Hemezortzi-hemeretzi urtegaz Segoviara joan nintzen oporretan lagun batzuekin, eta han ebanista batzuk ezagutu genituen, tartean orain nire gizona dena. Etxeko arazoa kontatu nien, eta eurekin hasi nintzen ikasten sitsa zelan kendu, injekzioen mundua zelakoa zen, egur motak desberditzen...

 

Orduan, oporretan ikasi zenuen!

Bai, oso ondo gogoratzen dut mahai zahar-zahar bat konpondu genuela. Nire lagunek esaten zidaten, “ez bazaizu axola ebanistekin egotea gu igerilekuan gauden bitartean...” Eta niri gustatu egiten zitzaidanez, bada, hantxe. Puntzoiak eta tresnak zahar-zaharrak zituzten, eta mahaiak konpontzeaz gainera, marrazkiak ere egiten genituen. Gero beste urte batean, administrazio ikasketak amaituta, gabonetan gauza gehiago ikastera joan nintzen. Nire ikasketa hori izan da, galdetzea eta jende jakintsuarekin egotea. Gero ikastaroak egin ditut, baina horrela, galdezka.

 

Altzariekin egiten duzu lan gehien?

Bai, baina beste gauza asko ere egin ditut. Pasa den apirilean, adibidez, bainuontzi bat margoztu nuen. Lehenago ez dut inoiz egin, eta bezero batek galdetu zidan. Denda batera joan, galdera asko egin, eta egin egin nuen. Zoragarri dago. Birziklatu ere egiten dut. Bermeon behin arraun batzuk ikusi nituen lurrean botata, eta jaso egin nituen. Primeran etorri zitzaizkidan. Bermeoko ezagun batek semearen logelarako zer edo zer gura zuela esan zidan. Arraunekin oheburu bat egitea otu zitzaidan. Margotu eta oso ondo gelditu zen gelan. Jendeak botatzen dituen gauzak erabili egin daitezke.

 

Zer da birziklatu duzun gauzarik bereziena?

Lagun batzuei pizzen kaxak batzea bururatu zitzaigun. Gordetzen gordetzen joan ginen, eta horrelako batean otu zitzaidan kaxak paperarekin batuz gero, zer edo zer egin zitekeela. Bada, noski baietz: Beste oheburu bat. Oso gauza merkea izan zen. Hormak apaintzeko paperak edozer gauzagaz erabiltzen ditut, eta kaxak bai bat beste bat ez ipini nituen.

 

Etxean horrelako gauza piloa izango dituzu!

Nire etxea arruntena da. Nire gizonari gustatzen zaio pilo bat birziklatzea, baina etxea berria denez, beldurra zeukan egurrezko gauza zaharrak ekarri,eta sitsa sartuko ote zen. Gauza askorik ez daukagu.

 

Ikastaroak ematen dituzu. Erraz ikasten da?

Batzuek esaten dute; “Ni baldarra naiz, horrelakorik ezin dut egin”. Batzuetan jendeari ilusioa sartzen joatea da kontua. Animatzea: “Jo, hau ipinita oso ondo geratuko zaizu”, “Eta zer gehiago egin ahal dut?” “ba da, bion artean pentsatuko dugu, eta ia biharko zer bururatu zaigun”. Ideia itzelak izaten dituzte, eta amaierarako harritu egiten dute euren burua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!