"30-40 urteko jende askok ikusiko du bere burua islatuta"

Anboto 2013ko urr. 4a, 14:30

Asteburuan Durangoko zineman emango dute Baleukok, bertako ekoiztetxeak, sorturiko \'Amaren eskuak\' filma. Asier Bilbao izan du produktore

Asteburuan Durangoko zineman emango dute Baleukok, bertako ekoiztetxeak, sorturiko ‘Amaren eskuak’ filma. Asier Bilbao izan du produktore.

 

Zelakoa izan zen joan zen asteko Donostiako Zinemaldiko esperientzia?

Polita, berezia: oso hurbileko jendea bildu ginen galan. Emanaldia amaitu bezain pronto txaloka hasi zen jendea. Aparteko beste bi pase izan dira, eta oso harrera ona eduki du.

 

Irakurri ditugun kritikak filmaren oso aldekoak izan dira.

Orokorrean oso positiboak izan dira, bai, nahiz eta, bestelakorik ere egon den. Aktoreen lana, eta pelikulak nobelaren zentzua galdu ez izana goraipatu dute.

 

Zinemaldiko euskarazko fikziozko lan bakarra izateak presio berezia sortu dizue?

Presioa baino gehiago, tristura. Zinemiran parte hartu dugun bederatzi proiektuetatik fikziozko euskarazko fil luze bakarra izan da gurea. Eta hori ez da kasualitatea. Horren atzean dagoena da, zinema egitea gero eta konplikatuagoa dela. Are gehiago, euskaraz bada.

 

Baleuko horretan ari da.

Bai. Eutsi! egin genuen, gero Izarren argia, Gernika bajo las bombas, eta Amaren eskuak orain. Lortu dugu beste bat egitea, eta berez, garaipena da euskarazko film bat egitea: txikia, baina aurrerapauso inportantea da euskal kulturgintzan.

 

Aktore talde oso aproposa osatu duzue.

Bai, badirudi asmatu dugula aktoreekin. Ainara Gurrutxaga da, esaterako, aktore nagusia; antzerkitik dator, eta aurpegi freskoa da. Loli Astoreka ere, ezaguna dugun arren, bestelako paperak antzezten ikusi izan dugu.

 

Euskaraz gainera, gaztelania eta ingelesa ere entzuten dira.

Hizkuntzaren erabilera berezia egin dugu. Gaztelania eta ingelesa ere sartu ditugu filmean. Nereak eta Lewisek ingelesa darabilte, Ingalaterran ezagutu zutelako elkar, eta hori delako euren harremanerako hizkuntza. Ospitaleko gelakidea erdalduna delako, gaztelniaz ere mintzatzen dira protagonistak. Solaskideen arabera, hainbat euskara mota ere entzuten da: ez da berdina Nereak izekorekin egiten duen euskara, edo Maite lagunagaz egiten duena... Lan handia egin dugu horretan.

 

Liburua pelikula bihurtzeko lana zelakoa izan da?

Gidoia idaztea oso prozesu luzea izan da. Hasieran gidoilari bat eta Karmele Jaio idazlea elkarrekin hasi ziren, eta hiru-lau bertsio egin zituzten, baina ez genuen argi ikusten nondik jo. Josu Bilbaok egin du azkenean gidoia, eta uste dut asmatu dugula. Karmelek askatasun osoa eman zigun gidoia egiteko, eta oso gustura gelditu da.

 

Noiz eta zelan ekin zenioten ‘Amaren eskuak’ proiektuari?

Eduardo Barinagak egin zuen hasierako lana: hark ikusi zuen pelikula bat zegoela hor. Berezia izan da lan erritmoa, nobela dagoelako oinarrian. Guztira bost-sei urteko lana izan da.

 

Zer berezitasun dauka filmak?

Batetik, gaurkotasun handiko gaia lantzen du, hurbila eta sinesgarria da. Uste dut, 30-40 urteko jende askok bere burua islatuta ikusiko duela. Bestetik, unibertsala da: mendebaldeko gizarte garatuetan oso zaila da lana eta familia uztartzea.

 

Amaiera irekia du filmak.

Bai, baina mezu positiboagaz amaitzen da: Nereak ama itsasargira daroa, eta film hasieran bezala, ‘altxa burue’ esaten dio amak. Txarto dagoela eta gelditu beharra duela konturatzen da Nerea: azken urteetan ‘presakoa, benetan garrantzitsua dena’ zapaldu dutela bere bizitzan. Ohartzen da ez dela ailegatzen benetan inportantea denera, eta hori aldatzeko bere bizitzaren gidaritza berreskuratzen du.

 

Asteburuan Durangon izango da ‘Amaren eskuak’ ikusgai.

Liburuak irakurle asko eduki ditu, eta orokorrean oso kritika onak eduki ditu: espero dugu ikusle asko elkartzea bertan.

 


"Oso betegarria izan da aktore hauekin lan egitea"

 

Mireia Gabilondok (1964, Bergara) zuzendu du filma

\"\"

 

Zer azpimarratuko zenuke ‘Amaren eskuak’ lanetik?

Pelikulan emozioez, sentimenduez, eta giza harremanez zelan hitz egiten den oso gustuko dut. Mezuagaz ere oso bat nator: ez dago beste sekreturik bizitzari aurre egitea, eta aurrera jarraitzea baino.

 

Asko errespetatu dituzue Karmele Jaioren liburuko irudiak.

Bai, izan ere, asko gustatu zitzaidan liburua: oso interesgarria dela, eta oso ondo idatzia dagoela uste dut. Liburuko irudiak oso aproposak zirela iruditu zitzaidan. Argi neukan hori izango zela zutabea: oso gertuko sentitzen dut kontatzen duena, eta atsegina izan da liburuan oinarrituta lan egitea.

 

Noiz eskatu zizun Baleukok pelikulan sartzea?

Urteak dira. Grabaketa aurretiko prozesua ere oso prozesu luzea izaten baita: liburua irakurri, berba eta bilera asko egin, gidoia aztertu, aktore eta teknikari taldea hautatu... Eta, gero, pelikula egiten hasi.

 

Zein izan da proiektu honetako zure erronka nagusia?

Hainbeste denboran, une batzuetan nekatuta ere egon arren, proiektuaren alde egin, eta zure horretan mantentzeak esfortzua eskatzen du. Ibilbide oso luzea da: une batzuetan iraupen-proba bat ematen du.

 

Zer egin duzu gusturen?

Aktoreekin lan egitea da gehien gustatzen zaidana, eta alde horretatik, oso gustura jardun dut. Oso betegarria izan da aktore hauekin lan egitea. Erraza eta polita ere bai. Lankide guztiekin jardun dut oso gustura: Gonzalo Berridi argazki zuzendariagaz, Pascal Gaigne musikariagaz, filma muntatu duen Maialen Sarasuagaz...

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!