Padel zaletasunari bidea eman diote Durangoko elkarte berri bik

Anboto 2013ko urr. 3a, 08:28

Fair Play kluba orain urtebete sortu zuten, eta Padel Zaleak elkartea aurtengo udan jaio da; padelak eskualdean izan duen gorakadaren isla dira

Fair Play kluba orain urtebete sortu zuten, eta Padel Zaleak elkartea aurtengo udan jaio da; padelak eskualdean izan duen gorakadaren isla dira

Azken hiru urteetan padelarekiko zaletasunak gora egin du nabarmen Durangaldean. Zaletasun horren ondorioz, eta zaletasun hori guztia bideratzeko helburuz, Durangon elkarte bi sortu dira urtebetean: Fair Play Durango Padel Kluba eta Padel Zaleak elkartea. Txapelketak antolatzen dituzte eta txapelketetan parte hartzen dute, baina lehiaz haratago, padelean jokatzeko uneak eta guneak sortzea dute helburu. Eskualdeko padel zaleei kirol hori praktikatzeko erraztasunak eskaini gura dizkiete.

Fair Play kluba aitzindaria da Durangaldean. Ofizialki orain urtebete sortu zuten (2012ko urriaren 1ean) aurretik urte askoan padela praktikatzen zebiltzan hainbat lagunen artean. Sabin Gorrotxategi klubeko presidentearen berbetan “txapelketetara joaten gara, baina gure helburu nagusia padel zaleen inguruan giro ona sortzea da; zaletasun hau praktikatzen dugunon topagune zabal bihurtzea”. Gaur egun 102 bazkide dituzte.

Padelaren gorakada “batez ere azken bi-hiru urteetan” eman dela sumatu du Gorrotxategik. “Hankak hotz eta buruak bero” dituztenentzako, alegia, bulegoetan eserita lan egiten dutenentzako, joko aproposa dela dio: “Fisikoki ez du itzelezko prestaketarik eskatzen, baina aldi berean, ariketa egiten da”. Horra hankak berotzeko modu ez hain sakrifikatua. Gainera, “kontzentrazio handia eskatzen duen kirola da, jokatzen ari zaren bitartean ehuneko ehunean jokora egotea eskatzen du”. Horra bigarren abantaila, jokoaren eskakizunak egokiak dira buru beroak freskatzeko, eta denbora batez laneko buruhausteak ahazteko: “Lasaitasun fisikoa eta espirituala eskaintzen duen kirola da”, dio Gorrotxategik.

Padel Zaleak elkarteko kide Oier Urigoitiak azken urteetako gorakada ulertzeko beste gako interesgarri batzuk eman ditu. Alde batetik, Gorrotxategigaz bat dator padela praktikatzeko ez dela fisiko izugarririk behar esaterakoan. Baina horrez gainera, beste abantaila batzuk ere zerrendatu ditu: “Teknikoki nahiko arin igartzen da hobekuntza. Gainera, frontoian-eta ibilitakoa dena arin moldatzen da”. Jokamoldea menderatzeko erraztasuna da, beraz, zale berriak erakartzeko beste amu bat. Padelaren kontrako ertzean legoke, esaterako, tenisa. Urigoitiak tenisa darabil beste adibide baterako ere: “Tenisean pilotek ihes egiten dute alde batera zein bestera. Padelean pilota bertan geratzen da, eta horrek jokoa bizkortzea dakar. Kontzentrazioa eskatzen duen joko bizkorra eta dibertigarria da padela”, adierazi du. Era berean, iruditzen zaio azken bi-hiru urteetan, batez ere, emakumeengan nabaritu dela padelean eman den gorakada.

Txapelketak eta ikastaroak

Durangoko elkarte biek txapelketak eta ikastaroak antolatzen dituzte. Padel Zaleak elkartea aurtengo udan sortu dute, eta bere lehenengo zeregina urriaren 20an amaituko den padel txapelketa antolatzea izan da. Durangoko kantxa bietan 125 bikote dabiltza lehian, lau kategoriatan. Bariku eta domeka goizetan, eta zapatuetan egun osoan jokatzen dituzte kanporaketak. Jokalarietako batzuk Euskadiko hamar onenen artean daude: Nerea Olano, Ramon Rosello, eta Jordi Montreal, esaterako. World Padel Tourrean dabilen Michelle Treptow eta bere sasoian munduko onenen artean ibili zen Alejandro Novillo argentinarra ere parte hartzen ari dira. Une honetan, txapelketak beste ezertarako astirik barik utzi dituela dio Urigoitiak, baina azarotik aurrera bazkide kanpaina egiteko zein irakasle bat Durangora ekarri, eta ikastaroak eskaintzen hasteko asmoa dutela adierazi du.

Txapelketa horretan bertan, Fair Play klubak sari bat banatuko du maila guztietan jokorik garbiena egiten duenari. Irailaren hasieran txapelketa bat antolatu zuten 30 bat bikoterekin, eta gazteentzako padel eskola sortu berri dute: “Kluba sortzeko abiapuntutzat hartutako estatutuek ez zuten ahalbidetzen 18 urtetik beherakoak klubera batzea. Gurasoak jokatzen zeuden bitartean, umeek amorruz eta inbidiaz begiratzen zuten. Horregatik, estatutuak moldatu, eta orain denei zabalik dago. Orain aste bi gaztetxoei begirako padel eskola abiatu genuen, eta hamar gaztetxotik gora daude izena emanda. Heziketa bat eman gura diegu, ez teknikoa bakarrik, zintzotasuna eta joko garbia lako balioak ere sustatu gura ditugu”.

 

\"\"

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!