Andres Granados omentzeko kontzertu berezia eratu dute Durangoko musikariek, domekarako

Anboto 2013ko urr. 2a, 09:34
Andres Granadosen ahaleginez gaur egun Durangoko Orfeoiaren entsegu lekua den lokalean aurkeztu dute haren lagunek Granadosen omenezko kontzertua, atzo. Hil arte Durangoko Tabira Musika Bandaren presidente izan zen Andres Granados, eta musikaren munduan bidaide izandako lau ordezkarik aurkeztu dute domekako kontzertua

Andres Granadosen ahaleginez gaur egun Durangoko Orfeoiaren entsegu lekua den lokalean aurkeztu dute haren lagunek Granadosen omenezko kontzertua, atzo. Hil arte Durangoko Tabira Musika Bandaren presidente izan zen Andres Granados, eta musikaren munduan bidaide izandako lau ordezkarik aurkeztu dute domekako kontzertua.

 

Arandoño kultur elkarteko Xabier Arana, Jaizale txistulari elkarteko Juan Antonio Aroma, Durangoko Orfeoiko Arrate Bañeres, eta Herri Maite taldeko Antoio Nuñez elkartu ziren martitzenean, etziko antolatu duten kontzertu bereziaren berri ematera.

 

Ekainean hil zen Andres Granados, eta urriaren 6an egingo diote omenaldia. Aurkezpenean Xabier Aranak esan duenez, “guk dakigun eran egingo diogu omenaldia: musika eginez”. Guztira, 150 musikari batuko dira Durangoko Andra Mari elizako omenaldi horretan, eta Granadosek berak sortu edo moldatutako hainbat kanta eskainiko dituzte: Granadosek bere herriarentzat sortutako Herri maite, edo Azken agurraren negarra kasurako. Aromak esan duenez, lehenengoz joko dute Granadosen kantu horren txisturako moldaketa.

 

Jaizale Durangaldeko txistularien elkarteak, Orfeoiak, Herri Maite akordeoi taldeak, eta Tabira musika bandak joko dute kontzertuan, eta, Andres Granados kide izan zen Bilboko Udal Txistulari Bandak eta Elgoibarko musika bandak ere parte hartuko dute omenaldian.

 

Antonio Nuñezen berbetan, “ez dakit badagoen modurik Andresek Durangoko musikaren alde egin zuen lan guztia eskertzeko, baina espero dugu herritarrek behar bezala erantzun, eta eliza txiki geratzea”. Durangoko musikaren historiari buruzko dokumentazioa bildu, musika idatzi eta moldatu, eta musikaren eta musikarien duintasunaren alde behar zen lekuan egin zuen borroka”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!