Plateruenean, ‘Marmarrean’: parte hartzeko bide berriak eskaintzeko

Anboto 2013ko ira. 29a, 08:31
Herri kulturgintza bultzatzeko helburuagaz antolatu dute ekimen berria

Herri kulturgintza bultzatzeko helburuagaz antolatu dute ekimen berria.

 

Urriaren 1ean abiatuko dute Marmarrean izeneko ekimen berria Durangoko Plateruenean. Egun horretan, herritarren proposamenak batzeko funtzioa izango duen kutxa ipiniko dute antzokian. Plateruenera lagunartean egotera bertaratzen den jendeak tabernako berriketaldietan ahotan darabiltzan gaiak kutxa horren bitartez ezagutaraztea gura dute. Herritarren proposamen horiek, hainbat formatutako ekimen itxuran bueltatuko ditu Plateruenak. Herritarrek botatako gaietatik bat aukeratu, eta hilero aukeraturiko gaiagaz loturiko berbaldi, film emanaldi, edota ikuskizun berezia eskainiko du Plateruenak bueltan.

 

Parte hartze zuzena

Demagun azkenaldian elikadurari buruzko eztabaidak dauzkazula lagunekin sarri, jakin-min berezia duzuela gai horrekiko. Kutxara gai hori proposatzea da Marmarrean ekimenak eskatzen duena. Eskaintzen duena, berriz, interesekoa duzun gai horren inguruan Plateruena Kafe Antzokian bertan sakontzeko aukera da. Horretarako, kasuan kasuko gaiaren inguruan ekarpenak egin ditzakeen Durangaldeko herritarrak gonbidatuko ditu antzokiak.

 

Platerueneko programazioan falta duten hori lantzea proposatzeko modua eskaintzen die Marmarrean ekimenak herriko jardueretan parte hartzeko gogotsu daudenei. Helburua, herritarrek kulturgintzan zuzenean esku hartzea da, kontsumitzaile huts ez izatea, eta intereseko gaien inguruko eztabaida eta sozializazioa erraztea.

 

Herri kulturgintza lantzeko helburuagaz azken urteotan Durangoko Plateruenean martxan ipinitako Zilarrezkoen ataleko nobedadea da Marmarrean. Beste behin ere ez dute hutsik egingo, bestalde, sail horretako hainbat proposamen arrakastatsuk: Kantuaren Kantoiak, Bertsozalek, Kantulagunek, Berbertanek, eta bestelakoek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!