Sabel-dantza, ama lurraren eta emakumearen arteko konexioaz

Anboto 2013ko ira. 28a, 08:40
Gaur, Durangoko San Agustinen eskainiko du Durangoko Khuzayma sabel-dantza taldeak 'Gaia' lana

Gaur, Durangoko San Agustinen eskainiko du Durangoko Khuzayma sabel-dantza taldeak 'Gaia' lana.

 

Sabel-dantza eta dantza tribalak uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du Khuzayma taldeak, San Agustinen, gaur. Durangoko kulturgunean, 19:30ean da emanaldiaren hitzordua, eta Gaia izenburua du ikuskizunak. Naturari egiten dio izenburuak erreferentzia, eta ama lurrari eta emakumeari omenaldia egiteko sortu dute. Naturaren eta emakumearen konexioari buruzkoa da lana. Berezitasun bezala, Polinesiako dantzak ere sartuko dituzte emanaldian.

 

Iaz eskaini zuen Khuzayma taldeak sabel-dantzako lehenengo ikuskizuna, Durangoko San Agustin kulturgunean. Orient Express izenburua zeukan. Emanaldi bat eskaini duten lehenengo aldia izan zuten hura, eta hasierako urduritasunak gaindituta, oso gustura jardun ziren. “Ikuskizun polita, originala eta entretenigarria” zela iritzita, ikusleek zoriondu egin zituzten taldekideak. Aurten, iaz parte hartu zuten dantzariei, taldekide berriak batuko zaizkie. Donostia, Gasteiz eta Torrelavegako (Kantabria) artistak ere gonbidatu dituzte gaurko emanaldian parte hartzera: Delirium eta Sebastopol taldeak, besteak beste.

 

Sabel-dantzaren barruko estiloak eta sabel-dantzaren aniztasuna ezagutzeko aukera eskainiko diete Khuzayma taldekoek, gaur San Agustin kulturgunera hurreratzen diren ikusleei.

 

Durangoko Ibaizabal ikastolako Errota gimnasioko ikastaro batean hasi ziren elkarteko kideak sabel-dantza egiten, eta 20 lagun batzen dira ordutik, Khuzayma dantza elkartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!