Tabirakok zaleen aurreko aurkezpena egin du

Anboto 2013ko ira. 23a, 14:20
Urtero legez, Tabirakok kluba osatzen duten taldeen aurkezpen ofiziala egin zuen joan zen barikuan Landako kiroldegira batu ziren zaleen aurrean

Urtero legez, Tabirakok kluba osatzen duten taldeen aurkezpen ofiziala egin zuen joan zen barikuan Landako kiroldegira batu ziren zaleen aurrean.

 

Aurten 16 talde federatu eta eskolarteko 36 talde ditu Tabirakok. Beste datu batzuekin adierazita, 650 jokalarik eta 115 entrenatzailek eramango dute Tabirakoren izena Bizkaian eta Euskal Herrian zehar. Aurkezpenean gizonen eta emakumeen talde nagusi biek eragin zuten ikusminik handiena. Talde biek goian ibiltzea dute helburu.

 

Emakumeen taldean Jesus de Vicentek (44 urte, Durango) Alberto Molina ordezkatuko du entrenatzaile karguan. Molinak arrazoi pertsonalengatik utzi du taldea eta iaz Tabirakoko kirol zuzendaria izan zen de Vicentek hartu du bere tokia. De Vicentek 26 urte daramatza klubean. Gazte mailako hainbat talde entrenatu ditu eta baita gizonen talde nagusia ere: hiru bider hiru etapa desberdinetan. Aurtengoa du emakumeen talde bat zuzentzen duen aurreneko aldia.

 

Tabirako Baque taldeak iazko oinarriari eusten dio. Bi-hiru jokalarik utzi dute taldea (horietako bat urte askoan Tabirakon ibili den Miren Mancisidor da), eta hutsune horiek iaz lehen taldeagaz ere aritu ziren juniorrek bete dituzte. Aurten lehen urteko bost senior dituzte eta junior bat.

 

Talde oso gaztea da, iaz baino gazteagoa. Iazko antzera garaiera falta dute; oro har, talde txikia da: “Joko azkarrari etekina ateratzen saiatuko gara. Asko presionatu eta arerioak itotzen”, azaldu du de Vicentek. Iaz oso denboraldi ona burutu zuten eta taldean ez dagoenez aldaketa askorik goian ibiltzea dute helburu: “Dena borrokatzea dugu helburu. Goian aritzea eta play offetarako sailkatzea”.

 

Gizonetan bost aurpegi berri

 

Gizonen taldean sei jokalarik utzi dute taldea: Oinatz Menikak eta Iñigo Igarzak saskibaloia utzi dute; Mikel Agirrek ikasketengatik utzi du eta Xabier Peña erregional mailara jaitsi da ikastetengatik; Carlos Diego Zornotzako erregional mailako taldera joan da. Horien ordez, bost jokalari berri dituzte: Iaz saskibaloia utzita izan duen Ruben Arteaga hegalekoa taldera batu da (orain urte bi Zornotzan ibili zen eta aurretik Tabirako Baquen) eta baita Arkaitz Gurrutxaga hegalekoa (hau ere saskibaloira itzuli da) eta Xabier Balmaseda ala-pibota ere (erregionaleko taldetik igo dute). Beste bi jokalariak junior taldetik datoz: Xabier Arroitajauregi hegalekoa eta Imanol Orue-Mazaga pibota.

 

Jokalari berri dezente dituzten arren, denek ezagutzen dute kluba, aurretik taldean egon direlako edo junior mailatik datozelako, eta horrek egokitzapena errazten duela uste du Mikel Larrañaga (27 urte, Durango) taldeko kapitainak.

 

Aurredenboraldi ona osatzen dabiltza. Euren mailako taldeen kontra lehiatuz Baque Torneoa irabazi dute. Aurretik, maila bereko Goierri (EBA mailatik jaitsi den taldea) ere menderatu zuten. Emakumeen antzera, garaiera falta da taldeko gabezia nagusia. Defentsa laneko intentsitatea eta hegalekoek barrualdean eskaini dezaketen laguntza dira horri aurre egiteko arma nagusiak Larrañagaren arabera. Horiek horrela, mailako onenen artean borrokan ibiltzea itxaroten dute.

 

Iaz, Gabonak arte, goian ibili ziren. Ondoren, segidan bost partidu galdu eta sailkapenaren erdira jaitsi ziren.

 

Aurkezpeneko argazki bilduma ikusteko klikatu hemen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!