"Sarreraren truke, ordu eta erdiko barrea eta bizitza eternala eskainiko dizuegu"

Anboto 2013ko ira. 20a, 14:30
\'‘PK2.0\' ikuskizuna aurkeztuko du Dani Mateo umoristak, gaur, Durangoko Plateruenean: \"Salbazioa eskaintzera\" ei dator

\'PK2.0\' ikuskizuna aurkeztuko du Dani Mateo umoristak, bihar, Durangoko Plateruenean: "Salbazioa eskaintzera” ei dator.

 

Irratitik telebistarako bidean harrapatu zaitugu. Asteburuan Durangon izango zaitugu bakarrizketa eskaintzen... Oso bizimodu lanpetua daramazu. \"\"

Bai, oso, baina ez beste edozein egunetan baino gehiago, ez pentsa. Horrelakoxea da nire bizitza!

 

Zenbat denbora daramazu hiru lanbide horiek uztartzen? 

Zenbat denbora daramadan bizitzarik barik, nire gaztaroa alferrik galtzen galdetu gura duzu, ezta? (Barrez). Denbora da horrela bizi naizela: hamar bat urte. Sekula ez nuen pentsatuko honetaz biziko nintzenik, eta dena da ezustekoa Madrilera iritsi nintzenetik. Komiko legez lan egin ahal izateari, eta telebista eta irratiko eskaintzei ezin nien ezetzik esan!

 

Zelakoa izan da prozesua? Nondik norako ibilbidea izan da?

Kazetaritza ikasi nuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Nire fakultatearen lotsarako! Ni Buenafuente zalea nintzen. Kazetaritza egin nahi nuen, baina ez nuen Iñaki Gabilondo izan nahi, late night programa bat egitea zen nahi nuena. Entretenimendu programetan lan egin nahi izan dut beti.

 

Horrela hasi zinen telebistan?

Ez, hasieran ez nuen horretarako aukerarik izan. Trafikoaren eta eguraldiaren berri ematen nuen! Oso lan duina da, baina ez nik amestu nuena, egia esan. Krisi sasoi bat bizi izan nuen, “ez da hau nik nire bizitzarekin egin nahi dudana!” pentsatzen nuen. Momentu horretan, bat-batean, bakarrizketak iritsi ziren: lagun batek deitu ninduen esanez, “zatoz, tontoarena egitearren ordaintzen dizute hemen!”. Garai hartan Espainian bakarrizketak ez zeuden orain bezain zabalduta. Bakarrizketa eskaintzen nengoela, nik amestu bezalako gaueko programa bat egiteko eskaintza egin zidaten: Noche sin tregua.

 

Durangora dakarzun ikuskizunak zelako harrera eduki du orain arte?

Bi denboraldi daramatzat ikuskizunagaz, eta oso harrituta gaude, lehenengoa amaitzea ere ez baikenuen espero! Jendea antzokira joan da, eta oraindik ere, jendeak ordaindu egiten du egunero etxean telebistaz dohainik ikus dezaken tipo bati entzutearren. Oso-oso pozik gaude.

 

Zer gai lantzen dituzue emanaldian?

Eskaintzen duguna ez da bakarrizketa bat bakarrik. Betiereko bizitza ere oparitzen dihardugu emanaldietan. Oso eskaintza berezia da: sarreraren truke, ordu eta erdiko barrea eta bizitzitza eternala oparituko dizuegu. Aita Santuak dimititu zuenean, botere hutsune hori aprobetxatu nuen esateko: “Neuk joan beharko dut herriz herri salbazioa eskaintzera!”. Argi dago mundua laster amaituko dela. Honezkero, nire asmoa ez da mundua salbatzea, haratago noa: “Konforme: zer egingo dugu behin mundua amaituta?”. Izan ere, hainbat teoriak esaten du, bizitza honen ostean beste bat dagoela hau baino askoz gustagarriagoa dena!

 

Jendea zurekin daramazu, beraz, beste dimentsio horretara?

Jendeari zeintzuk aukera dauden kontatzen diot, izan ere, aukerak begiratzen aritu naiz. Formulario bat betetzea eskatzen diogu jendeari. Zazpi pekatu nagusiengatik barkamena eskatu behar duzu sartzeko, eta antzokitik begiak dizdiz dituzula ateratzen zara. Sarrera baten prezioan, oso eskaintza interesgarria dela uste dut!

 

Zelakoa izaten da zure ikuskizunen sorkuntza prozesua? Dibertigarria?

Onartu behar dut ezetz. Beti izan naiz oso diziplina gutxikoa, eta beste formula batzuk baliatu ditudan arren, sortzeko ez dago besterik, eseri, idatzi eta lan egitea baizik: neure burua aulkira lotu behar izaten dut idazteko! Idazkuntza prozesu hori gogorra, mingarria eta luzea egiten zait. Baina, gero, jendea barrezka ikusten duzunean ahazten duzu hori.

 

Ikusten duenarentzat bezala, zuretzat ere oso bestelakoa izango da antzoki batean bertatik bertara jardutea, ezta?

Hain justu horregatik jarraitzen du jendeak antzerkira joaten. Telebista, irrati programa bat zein pelikulak, zuzenean edo Interneten ikusi ditzakezu. Antzerkiaren esperientzia bakarra da: gidoitik atera, eta momentukoa bizi-bizi ikustea.

 

Umore absurdora jotzen duzu gehien?

Ironiaren eta absurdoaren artean dihardut. Maila altuko umorea egiten duten George Carlin eta Bill Gigs gustatzen zaizkit, baina barrez lehertzen naiz Chiquito de la Calzadaren estilokoekin ere.

 

 


"Distantziatik, oso komikoa da bizitza"

 

Bakarrizketak eskaintzeaz gainera, irratian programa bat gidatzen du Dani Mateo kataluniarrak, eta La Sexta telebistako El Intermedio programan ere lan egiten du egunero: gaurkotasunari begirada zorrotza ematen diote, eta gero eta ikusle gehiago batzen dituzte. Dani Mateoren berbetan, “egiatan, grazia zipitzik ez duten gauzez gabiltza egunero barre egiten, baina kontuan hartzekoa da agintean dauden lotsabako horiei min gehien horrek egiten diela: eraso zuzenak baino, min handiagoa egiten die barreak”.

 

“Agintariek euren jokabideak justifikatzean egiten duten erridikulu itzelaz egiten dugu barre: egoeraren larritasunari garrantziarik kendu barik, baina, distantziatik begiratuta, oso komikoa da bizitza. Eta baselina bikaina umorea!”.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!