Ruiz de Arkauteren 18 margolan, Arte eta Historia Museoan

Anboto 2013ko ira. 19a, 12:17
Durangoko museoan inauguratu zuten barikuan, Ignacio Ruiz de Arkauteren lanen erakusketa

Durangoko museoan inauguratu zuten barikuan, Ignacio Ruiz de Arkauteren lanen erakusketa.

 

Ignacio Ruiz de Arkaute pintore arabarraren lanen erakusketa ikusi ahalko da Durangoko Arte eta Historia Museoan.

 

Joan zen bariku iluntzean egin zuten erakusketaren inaugurazio ekitaldia, eta egun horretatik urriaren 6ra bitartean izango dira erakusketan bildutako hemezortzi margolanak Durangoko museoko areto nagusian ikusgai.

 

Olio pinturagaz, egur eta oihal gainean egindako lanak dira erakusketan baturiko gehienak. Durangoko erakusketara ekarritako koadro gehienak Ruiz de Arkautek teknika horregaz egindako kolore biziko koadroak dira, baina badago rotring errotuladoreagaz margotutako koadro serie bat ere. Formatu txikiagoko koadroak dira errotuladorez egindakoak, zuri-beltzekoak batzuk.

 

2010 eta 2011 urteetan egindakoak dira erakusketa horretan bildutako koadro gehienak. “Literaturarik barik, esaldi hutsik barik, euren kabuz definitzen diren 18 olioz osatutako erakusketa da”, egilearen berbetan, Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai duguna.

 

Martitzenetik barikura, 11:00etatik 13:30era, eta 16:30etik 20:00etara dago Durangoko museoa zabalik; zapatuetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara; eta goizez bakarrik (11:00-14:00) domeketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!