Afizionatuetako onenak lehiatuko dira Durangon

Anboto 2013ko ira. 21a, 08:30
Gaur XXX. San Fausto Zesta Txapelketa hasiko da

Gaur XXX. San Fausto Zesta Txapelketa hasiko da.

 

Urtero legez, Ezkurdi Jai Alai zesta-punta eskolak antolatutako San Fausto zesta-punta txapelketak afizionatu mailako zestalaririk onenak batuko ditu Durangon. Gaur hasi, eta zapatu arratsaldero (18:00etan) eta domeka goizero (11:30ean) jokatuko dituzte jardunaldiak. Guztira 15 herritako bikoteak lehiatuko dira nagusien mailan. Gipuzkoa da ordezkari gehien izango dituen probintzia: Donostia, Zumaia, Mutriku, Andoain eta Tolosako bikoteak etorriko dira. Bizkaiak lau ordezkari izango ditu: Gernika, Berriatua, Markina eta Durango. Nafarroa Noain eta Cabanillas herriekin egongo da ordezkatuta, eta Ipar Euskal Herria Biarritz eta Donibane Lohizunerekin. Arabatik eta Kataluniatik Gasteizko eta Bartzelonako bikote bana etorriko dira Durangora.

 

Durangoko zesta-punta eskolako bikotea Asier Azkarate durangarrak eta Iker Abad getxoztarrak osatuko dute. Printzipioz, ez daude txapela janzteko faboritoen artean. Domeka honetan Donostiaren kontra jokatuko dute lehen kanporaketako partidua. Faborito nagusien artean Berriatua kokatu daiteke. Esaterako, iaz Alberdik eta Garaldek osatutako Berriatuko bikoteak irabazi zuen txapelketa. Aurten Alberdik Ubillarekin osatuko du bikoa.

 

Asteburuko partiduak

Gaur arratsaldean partidu bi jokatuko dituzte. Lehenengoan Gasteiz eta Noian neurtuko dira, eta bigarrenean Cabanillas eta Zumaia. Domekako partiduak Durango-Donostia eta Markina-Tolosa izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!