Platerueneko Kantulagun: doinu garaikideak zerrendara gehituta

Anboto 2013ko ira. 15a, 08:03
Irailaren 26an izango da lehenengo saioa; 19tik aurrera eman daiteke izena

Irailaren 26an izango da lehenengo saioa; 19tik aurrera eman daiteke izena.

 

Hainbat kanta garaikide gehitu dizkiote, ikasturte honetarako, Durangoko Platerueneko Kantulagun ekimenean prestatu duten kantu-zerrendari. Orain lau urte ekimena abian ipini zutenean bezala, euskal kantuekiko, eta kanturako zaletasuna ahalik eta gehien zabaltzeko helburuagaz abiatuko dute ikasturte berria.

 

Ekimena gazte jendearengana gehiago zabaldu asmoz, eta eskaintza anitzagoa egin asmoz, euskal kantutegiko kantu ohikoei, Ruper Ordorika edota Itoitzen kantak gehitu dizkiote, Kantulagun-en ikasturte berrirako. Ugaitz Catalan antolatzaile eta abeslariak azaldu duenez, 60 kantu biltzen dituen liburuxka prestatu dute aurten.

 

Irailaren 26an, 20:00etan abiatuko dute Platerueneko Kantuzaleen txokoan Kantulagun 2013-2014. Irailaren 19tik aurrera eman daiteke parte hartzeko izena. Kantutegia eta CDa eskuratuko ditu matrikularen 15 euroak ordaintzen dituenak.

 

Eguen iluntzeetan antzokian, eta hiru hilabeterik behin Durangoko kaleetan zehar ariko dira udazkenetik aurrera berriro. Gutxien jota, hiru musikari gonbidatuko dituzte Platerueneko ekimenean, ikasturte honetan. Antolatzaileek ez dute, oraingoz, izenik aurreratu.

 

Aurreko urteetan, hainbat kantari ezagun gonbidatu dute Platerueneko Kantulagunera: Xabier Amuriza, Etxe, Mikel Markez, Amaia Zubiria, edo Josu Zabalak hartu dute, besteak beste, ekimenean parte. .

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!