Durangoko La Papa taldearen 'Amama Anaren bidaia', San Agustin zabaltzeko

Anboto 2013ko ira. 12a, 09:58
Herriko La Papa antzerki taldeak zabalduko du, Durangoko San Agustingo kulturguneko udazkeneko programazioa. Emanaldi bi eskainiko dituzte. Amama Anaren bidaia obra antzeztuko du, irailaren 21ean (gaztelerazko bertsioan) eta 22an (euskaraz) La Papa taldeak

Herriko La Papa antzerki taldeak zabalduko du, Durangoko San Agustingo kulturguneko udazkeneko programazioa. Emanaldi bi eskainiko dituzte. Amama Anaren bidaia obra antzeztuko du, irailaren 21ean (gaztelerazko bertsioan) eta 22an (euskaraz) La Papa taldeak.

 

Kulturguneko datorren hiruhileko programazioaren aurkezpenean parte hartu dute Ricardo Combi Amama Anaren bidaia obraren egileak, eta Izaskun Asua eta Nazaret Froufe Durangaldeko aktoreek. Izaskun Asua, Nazaret Froufe eta Markos Gimeno dira obra horretan antzezle lanetan dihardutenak; amama Ana, alaba Tere eta Antonio suhiaren paperetan, hurrenez hurren.

 

Duela bost urte, nagusiei zuzenduriko antzezlan bat sortzeko enkarguari erantzunez sortu zuten Durangoko Amama Anaren bidaia, La Papa taldekoek. Ume eta nagusiei eskaini zieten hainbat emanalditan.

 

Duela lau urteko emanaldi haietatik, hainbat moldaketa egin dituzte hasierako testuan, eta emanaldietan ume eta nagusiak elkartzea nahi dute San Agustingo emanaldietan. Izan ere, Combi zuzendariaren arabera, “bai umeekin zein nagusiekin ere oso ondo funtzionatu baitu obrak”. Familia osoari zuzendurikoak dira, beraz, irailaren 21 eta 22rako San Agustin kulturguneko hitzorduak. Kulturgunearen arduradunek azaldu dutenez, gainera, Durangoko Udaleko nagusien sailak lagunduta, baten prezioa sarrera bi emango dizkiete elkarrekin doazen aitite-amama-bilobei.

 

Belaunaldien arteko harremanari buruzkoa da Amama Anaren bidaia: amonaren zahartzaroko zailtasunek familiarteko hartu emanari zelan eragiten dioten erakusten duena. Izaskun Asua aktorearen berbetan, “belaunaldien arteko harremanaz gogoeta egitera” gonbidatuko dute ikuslea. “Obraren mezuak ikusleagan eragitea” espero duela gaineratu du Nazaret Froufe aktoreak.

 

Urriko beste hiru eskaintzak
“Harribitxia delako”, ezin galtzekoen zerrendan azpimarratu du Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko kudeatzaileak urriaren 5ean bertan aukeran izango den Rien a dire ikuskizuna. Leandre konpainia katalanaren lana da aipaturikoa, “klown ikuskizun poetikoa”. Leandre eta Lila Ribera dira antzezleak, eta Arrazolak azaldu duenez, Tarregako antzerki jaialdian gehien goraipaturiko ikuskizunetako bat izan da. Obra Euskal Herrian ikusteko aukera bakanetarikoa izango da, urriaren 5eko Durangoko hori.

 

Egitarauaren aurkezpenean Jon Kepa Garro zinegotziak azpimarratu duenez, iazko tarifak mantendu dituzte 2013-2014 ikasturterako: “Sarreren prezioa ez dadin inor kulturgunetik aldenduko duen arrazoia”. Takilan iazko prezioak mantendu dituzte, eta baita bazkideentzako onura eta deskontuak ere. Aurten, bestalde, langabetuentzako %25eko deskontua ere aplikatuko dute San Agustinen.

 

Hamabosgarren urteurrena betetzen du Kulturguneak aurten, eta abendura arte, 14 ikuskizun izango dira bertan. “Ikuskizunen kantitatea eta kalitatea mantentzeko” asmoagaz pentsatutako dute programazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!