"Bidaiatu dudan lekuetako jende nagusiarengan ipini dut arreta"

Anboto 2013ko ira. 12a, 08:43
Estatuan zehar motoan 300.000 kilometro egin ditu hamar urtean Juan Mari Condek. Bideko esperientziei buruzko liburua idatzi du. Durangoko Hitz liburudendan eskuragai dago \'De ti\' bidai horien narrazioa

Estatuan zehar motoan 300.000 kilometro egin ditu hamar urtean Juan Mari Condek. Bideko esperientziei buruzko liburua idatzi du. Durangoko Hitz liburudendan eskuragai dago \'De ti\' bidai horien narrazioa.

 

Zelan sortu da liburua kaleratzeko aukera?

Lagunek animatu ninduten musika taldeek maketekin egiten duten bezala, lanaren zati bat argitaletxeetara bidaltzeko. Interesa agertu zuten Beta argitaletxean, eta eurekin kaleratu dut.

 

Moto bidaiei buruzkoak dira liburuko kontakizunak.

Estatuan zehar, 1991 eta 2001 bitartean egindako moto bidaia da kontatzen dudana. Espainiako probintzia bakoitzean intsignia bat lortzea zen hasiera batean helburutzat markatu nuena, eta 300.000 kilometro egin ditut aitzakia horrekin. Gero etorri da liburuaren egitasmoa.

 

Bidaiari eta bidean aurkitutakoari buruzkoa da liburua.

Bidaiatu ahala jendea ezagutu, eta konturatzen zara motoak eta mozkorraldiak baino askoz gauza gehiago dagoela lekuetan. Batez ere, bidaiatu dudan lekuetako jende nagusiarengan ipini dut arreta: eurak dira herrien historiaren jakintza handiena gordetzen dutenak. Horrela ezagutu ditut euren bizitzetako istorioak.

 

 

Zelakoa izan da liburua osatzeko prozesua?

Bidaietatik etxera heltzean idatzi ditut istorioak. Hasieran ezer argitaratzeko ezelako asmorik barik, neuretzako, egunerokoa bailitzan idazten nuen. Baina gero eta garrantzi handiagoa ematen nion ondo idazteari. Konturatu nintzenerako 400 orri neuzkan idatzita, eta erakutsi ahala, jendeak baloratu egiten zuen.

 

Presarik barik, gozatuz egindako prozesua izan da.

Presarik barik egin dut, baina gozagarria izan denik ere ez nuke esango. Lagun bati liburu-eskaintzan idatzi nion bezala, “min ematen dit idazteak, baina espero dut min horretatik irakurleak gozamena aurkitzea”. Gozatu dut, baina gogorra izan da, asko kostatu zait nahi nuena lortzea.

 

Film bat egitea ere badarabilzu buruan, ezta?

Film labur bat egin gura dut Koldo Serra lagun eta zine zuzendariagaz, bai. Helburua da liburu bat erosi duten guztiei filma oparitzea. Pertsona oso oldartsua naiz, eta hori beste beroaldi batean sorturiko proiektua da. Liburua amaitu nuenean, ametsa hil zela sentitu nuen, ez nengoen ondo: “Orain zer?” galdetzen nion nire buruari. Orain, nobela batean ere hasi naiz lanean.

 

Zertan datza nobela?

Liburu honen lehenengo partea da: narrazio liburu horren antzera, nobela ere autobiografikoa da, eta bat egiten dute puntu batean. Nire haurtzaroko istorio bat da haria, nire motoekiko zaletasunarekin lotura daukana.

 

Zer helburu edo amets daukazu etorkizunerako?

Bidaiatzeko aitzakia berriak gura ditut. Estatuan dauden milaka urteko arbolen inguruko proiektua gauzatu gura dut, eta hasi naiz dokumentatzen. Txinan arbola horiek monumentuak bailiran zaintzen dituztela irakurri nuen liburu batean, eta horrek jakinmina sortu zidan.

 

 

 

Istorio bilatzaile bidaietan

\"\"Juan Mari Conderen omenaldi hirukoitza da De ti, bere neskalagun izandakoari, errepideari eta motorrari gorazarrea. “Beti sentitu dut idazleen ahalmenarekiko inbidia, oso irakurzalea naiz”, dio Condek. Motorrean, oinez edota kanoan egindako bidaiei buruz idazle ezagun eta hasiberriek idatzitako kontakizunak irakurri ditu bere liburua idatzi orduko. Conderena, “motozaleen On Kixote” da, bere lagun baten berbetan. Urrian liburudendetan eskuragai ipiniko duten Juan Mari Conderen narrazioak, kazetaritza lanetik ere badauka. Bere barruan “istorio bilatzaile” sena hazten zihoala, bidaiatu ahala konturatu zela dio Condek. “Gainera, neugana inguratu, eta istorio bitxi eta interesgarriak kontatzen zizkidan jendeagaz iman modukoa neukan, eta oharrak hartzen hasi nintzen”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!