Kulturalak estreinako garaipena lortu du Tabiran

Anboto 2013ko ira. 10a, 08:47
Durangoko Kulturalak 1-0 menderatu zuen Lagun Onak zapatuan. Hiru partidutik bi irabazita sailkapeneko bosgarren tokian dago

Durangoko Kulturalak 1-0 menderatu zuen Lagun Onak zapatuan.

 

Liga hasi denetik jokatu dituzten hiru partiduetan sartutako gol biei etekin handia atera die Durangoko Kulturalak. Lehenengo partiduan, Gernikan, Beñat Alberdik gauzatutako penaltiak hiru puntuak eman zizkien eta, zapatuan, Garcesen beste gol baten bidez denboraldiko lehen garaipena lortu zuten etxean.

 

Orain astebete Soduperen kontra galdu zuten (0-1) partiduaz alderatuta, Imanol de la Sotak hainbat aldaketa egin zituen hasierako hamaikakoan. Esaterako, Mallagarai eta Arribas atezaina titular izan ziren zapatuan.

 

Lehenengo ordulaurdena eskasa izan zen talde bien partetik, baina Lagun Onak hobeto kokatuta zegoen zelaian. Golak Kulturalaren jarduna aldatu zuen. Erdiraketa eta erremate baten ostean, ahoko zuloan geratu zen baloia barrura bultzatu zuen Garcesek Kulturalari abantaila emanez (21. minutua). Ordutik atsedenaldira arteko minutuak izan ziren Kulturalaren partiduko onenak. 30. minutuan Txapuk parera irten zitzaizkion jokalari guztiak atzean utzi eta ezker hegaletik egindako erdiraketa zeruetara jaurti zuen Ekaitzek.

 

Bigarren zatia aukera handi barik igaro zen. Lagun Onak oso ahul ibili zen erasoan, nahi eta ezinean eta Kulturala kontraerasoa baliatzen saiatu zen, baina arrisku handirik eraman barik. Tottik mugikortasun handia eman zion taldeari. Mallagaraik zaleen txaloak eragin zituen bi-hiru jokalditan eta, oro har, defentsan zuzen aritu zen taldea. Hala ere, oraindik hobetzeko asko dutela somatu zen.

 

Datorren asteburuan Arenas taldea bisitatuko dute. Arenasek ere sei puntu ditu sailkapenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!