"Elkar ezagutzen joateko modu polita da bertsioak jotzea"

Anboto 2013ko ira. 7a, 09:24
Eugenio Perez \'Andi\' mungiarragaz osatu dute Hobo hirukotea Maider Huerta eta Jose Cerros durangarrek: kontrabaxu, bateria eta gitarragaz rock eta country estiloko bertsioak jotzen dituzte

Eugenio Perez \'Andi\' mungiarragaz osatu dute Hobo hirukotea Maider Huerta eta Jose Cerros durangarrek: kontrabaxu, bateria eta gitarragaz rock eta country estiloko bertsioak jotzen dituzte.

 

Taldeari dagokionez zelakoa izan da uda? Geldialdia egin duzue?

Jose Cerros: Bai, oporrak hartu ditugu udan, baina irailean topera hasi gara. Asteon egin dugu lehenengo entsegua, urriaren 13an, Durangoko txosnetan joko dugun kontzertua oso ondo prestatzeko.

 

Zelan elkartu zarete Hobo proiektuan?

Maider Huerta: Josek eta Handik denbora gehiago daramate elkarrekin jotzen: hiru-lau urte. Creedens taldearen bertsioak egiteko, taldean sartzeko proposatu zidan Josek, eta iazko urri-azaroan sartu nintzen taldean. Kontrabaxua eta baxua jotzen ditut.

J.C.: Lau ginen hasi ginenean, eta utzi egin zuten bik. Taldekide berri bi batu zitzaizkigun, eta horietatik batek utzi egin zuen. Hiru gara orain: lehen bi gitarra geneuzkan, eta orain bakarra, baina orain kontrabaxua ere badaukagu.

 

Udaberrian Durangoko Intxaurre tabernan jo zenuten, ezta? 

M.H.: Bai, hiru bat kontzertu eskaintzeko aukera izan dugu udaberri-udan.

 

Zer eskaintzen duzue kontzertuetan?

M.H.: Gustuko taldeen bertsioak egiten ditugu: Creedens, Bruce Springsteen, Neil Young, edo The Animals-en kantak jotzen ditugu, esaterako. Jendeak segituan identifikatzen ditu kanta hauek, eta dantzagarriak dira!

J.C.: Eta garesti dago zuzeneko musika dantzagarria Euskal Herrian! Hainbatekin proba egin eta gero konturatu gara kanta horiekin gozatzen dugula gehien.

 

Zer berezitasun dauka Hobo talderaren zuzeneko eskaintzak?

M.H.: Bazkaloste baterako zein txosnetako jaialdi batean ondo geratzen diren kantak direla, esaterako. J.C.: Patata tortilla bezala, edozein modu eta unetan sartzen dela ondo!

 

Bertsioak jotzetik aparte, sorkuntza jorratzeko asmorik badaukazue?

J.C.: Bai, noski, baina lehenengo jendaurreko kontzertuok ondo prestatu gura ditugu. Ez dakigu urduritasuna izango den, baina kontzertuetan ez dugu entseguetako maila ematen. Kontzertuak eta entseguak maila berean ipintzea lortzen dugunean hasiko gara gure kantak egiten. Izan ere, horixe baita helburua: gure kantak sortzea.

 

Aurretik beste talde batzuetan jardundakoak zarete?

J.C.: Nik ez daukat beste esperientziarik. Hasiberria naiz: 35 urterekin hasi nintzen bateria jotzen.

M.H.: Umetan solfeoa eta pianoa ikasi ostean, hainbat urtetan musika asko entzun dut, baina jo barik egon naiz. Orain lau urte bost neska hasi ginen Sokasalto taldean, eta baxua jotzen dut bertan. Kontrabaxua jotzen hiru urte daramatzat.

J.C.: Andi duela zazpi bat urte hasi zen gitarra jotzen, eta 46 urte dauzka.

 

Jende askok musika taldeak uzten dituen adinean zuek burubelarri sartu zarete proiektu berri batean.

M.H.: Bai, horrela da. Jotzen zutenek utzi egiten dute behin adin batera ailegatuta, eta gutxik planteatzen dute horrelako proiektu batean sartzea. Baina gure mezua zera da: zergatik ez?

 

Zer onura eskaintzen dizue taldeak?

M.H.: Nire kasuan, entseguak egitea burbuila batean sartzea lakoa da: arazo edo buruhauste batekin sartu arren, deskonektatzea lortzen duzu.

J.C.: Oso kontzentratuta egon behar duzu, beste dena ahaztu, eta betetzen zaituen zer edo zer egitearen asetasuna ematen dizu, footinga egiten duenak bezala. Korrika egiteak, baina, ni ez nau betetzen.

 

Talde batean hasteko modu polita da bertsioak jotzea, ezta?

J.C.: Taldea egiten joateko, elkar ezagutzeko modu polita da bertsioak jotzea.

M.H..: Josek eta nik duela urte askotik ezagutzen dugu elkar, baina nik Andi entsegu lokalean ezagutu nuen. Gure kantak sortzeko pausoa emateko, lehenbizi elkar ezagutzea oinarrizkoa da, bakoitzari zer gustatzen zaion jakitea.

 

Epe luzera zer helburu daukazue?

J.C.: Ametsak badauzkagu, noski! Bakoitzak bereak: Andik Estatu Batuetara joan nahi du, niri zahartzaroan Nueva Orleans-en blues kanta bat jotzea gustatuko litzaidake... eta denbora badaukat ametsa betetzeko! Ondo pasatzea da helburu nagusia, eta horretan gabiltza.

 

Zein da taldearen izenaren historia?

J.C.: Izen horrekin deitzen dituzte AEBetan, trenean bidaiatzen duten eskaleak dira. Martxan dagoen tren batera igo eta aukera bat ikusten dutenean bajatzen direnak. Hor gura dugu guk ere ibili: aukeren arabera, trenak hartu eta bidaiatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!