"Emaitzak direnak direla, ondo jokatzera irten behar dugu beti"

Anboto 2013ko ira. 6a, 13:27

Athletic-egaz liga bi eta Errege Kopa bat irabazi zituen taldeko jokalaria izan zen Patxi Bolaños. Orain, aurretik duen erronka ez da hain sonatua izango, baina bai garrantzitsua, Durangoko Kulturaleko kirol zuzendari berria delako

Athletic-egaz liga bi eta Errege Kopa bat irabazi zituen taldeko jokalaria izan zen Patxi Bolaños. Orain, aurretik duen erronka ez da hain sonatua izango, baina bai garrantzitsua, Durangoko Kulturaleko kirol zuzendari berria delako.

 

Zelan izan zen zure fitxaketa Durangoko Kulturalagaz?

Egia esan, modu berezian gertatu zen. Fernanek (Fernando Bilbao, Kulturaleko presidentea) denbora zeraman nire atzetik, baita aurreko presidenteak ere (Jose Luis Espiau). Baina, lan kontuak zirela, edo gertaera pertsonalak zirela, asmoa sekula ez zen gauzatu. Aurreko presidenteak dimititu zuenean, Fernanek berriro deitu zidan eta batzartu egin ginen. Futbol gosea nuenez, eta Fernanegaz urteetako hartueman ona dudanez, eskaintza onartzea erabaki nuen.

 

Kirol zuzendari bakoitzak bere lan egiteko modua du. Zeintzuk dira zure lan ildoak?

Kirol arloari dagokionez, ideiak argi ditugu. Durangoko futbolariak futbolean dibertitu daitezen nahi dugu, eta zaleek partiduen amaieran zera esan dezaten: “Partidu entretenitua izan da”. Izan ere, gogoan dut gaztea nintzenean Tabiran giro oso ona egoten zela. Giro hori asko galdu da. Gaur egun, talde asko daude, eta, bestalde, telebistaz futbol partidu asko ikusi daitezke etxetik mugitu gabe. Garai batean Tabiran zegoen espiritu hori berreskuratu gura dugu, eta horretarako errezeta futbola da, asterik aste zelaian erakusten den jokoa. Hori lortzeko baloiaren tratua zainduko dugu, gerora, horrek markatuko dituelako diferentziak.

 

Aurreko entrenatzaile batzuen ideia ere hori zen, aurten arte Amorebietan ibili den Axier Intxaurragarena esaterako.

Ez nituen sasoi hartako partiduak ikusi, baina aipatutako hori kirol proiektu askoren ideia izaten da. Beste kontu bat da asmoak gauzatzeko ahalmena izatea: jokalariak horretarako egokiak diren, entrenatzaileak ideia bera duen… Liga hasten denean, emaitzek ausartago edo koldarrago bihurtzen zaituzte. Orduan eutsi behar diogu guk gure ideiari: emaitzak direna direla ere, futbolean ondo jokatzera zelairatu behar dugu, beti. Ez dugu galtzera irten gura, irabaztera baizik. Ideia hori azpi-azpitik txertatuta badago, gazte mailako taldeetatik bertatik, urte batzuen buruan denek asimilatuta edukiko duten kontzeptua izango da. Hori guztia, jakina, klubaren izaera galdu barik: gauza bat da beti baloia jokatu nahi izatea, eta beste gauza bat hori noiz egin behar den eta noiz egin behar ez den jakitea.

 

Filosofia hori txertatzeko aldaketa asko egin behar dira gaur egungo egituran?

Ez. Entrenatzaileek ondo ikusten dute gure bidea, eta hori da garrantzitsuena. Gero, entrenatzaile bakoitzak bere lan egiteko modua du, eta hori dena bateratzea korapilatsuagoa da. Baina mezu orokorrak berbera izan behar du. Jokalari gazte asko ditugu lehen taldean, eta gure helburua da hemendik denbora batera jokalari horiek goragoko mailan jokatu dezatela.

 

Kulturalean bertan?

Ez derrigor. Balizko igoera helburu bat beharrean, lan onaren ondorio dela ikusten dugu. Ondo jokatzea lortzen badugu, partiduak irabazteko aukera handiagoa edukiko dugu. Sailkapeneko goialdean egotea, entrenamenduetan egiten den lan onaren eta lan hori partiduetan gauzatzeko dugun abileziaren ondorioa izango da azken batean. Seguruenik urteak beharko ditugu helburu horiek lortzeko.

 

Beraz, zein da aurtengo helburua?

Partiduz partidu ekitea eta domekarik domeka gero eta hobeto jokatzen joatea.

 

Lehen taldeko entrenatzaile Imanol de la Sotak oso ondo ezagutzen du harrobia.

Ni klubera batu nintzenerako fitxatuta zeukaten. Aurreko urteetatik ezagutzen dut, eta bera ekarri zutela esan zidatenean oso pozik jarri nintzen. Gure ideia gauzatzeko entrenatzaile aproposa dela uste dut.

 

Jabier Uria Athleticen presidente zen sasoian, Andoni Zubizarretaren bigarrena izan zinen.

Zubizarreta kirol zuzendaria zen, eta ni bere laguntzailea izan nintzen. Esperientzia positiboa eta gogorra izan zen. Oporrik gabeko urte bi izan ziren.

 

Zelan gogoratzen dituzu Athletic-egaz liga bi eta Errege Kopa bat irabazi zenituen sasoia?

Ezinezkoa zirudien guk liga bi eta Kopa bat irabaztea. Baina horrelakoak gertatu egiten dira. Orduan ere talde handiek, Bartzelonak eta Real Madrilek, esaterako, jokalari onak zituzten. Lortu genuena ikaragarria izan zen guretzako. Urteak joan ahala konturatu naiz zer garrantzitsua eta zaila izan zen egin genuena. Harrezkero ere talde onak izan ditu Athleticek, baina titulu barik. Ea laster bat irabazteko aukera duten.

 


 

Kulturalaren aurtengo fitxaketak

  • Aritz Alberdi, · 28 urte, atezaina, Iurretako taldetik dator.
  • Xabier Infante · 20 urte, defentsa, Iurretakotik dator.
  • Asier Nuñez · 19 urte, defentsa, Portugaletetik dator.
  • Xabier Garces · 24 urte, defentsa, Santutxutik dator.
  • Ekaitz Molina · 22 urte, erdilaria, Iurretakotik dator.
  • Aitor Bilbao · 23 urte, erdilaria, Iurretakotik dator.
  • Lander Olaetxea · 20 urte, erdilaria, Iurretakotik dator.
  • Beñat Alberdi · 20 urte, erdilaria, Iurretakotik dator.
  • Gorka Llona · 19 urte, erdilaria, Arenas taldeko gazteen taldetik dator.
  • Xabier Cortezon · 20 urte, aurrelaria, Somorrostrotik dator.
  • Mikel Aperribai · 22 urte, aurrelaria, Iurretakotik dator.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!