"DJ batek zerbait erakutsi behar du, ez eskatzen diotena eman bakarrik"

Anboto 2013ko abu. 31a, 08:15
Hamar urte daramatza Unai Goikoleak DJ lanetan. Urteurrena ospatzeko hainbat emanaldi berezi eskaini ditu Bartzelonan eta Bilbon, eta urte amaierara arte beste hitzordu batzuk ere antolatuko ditu

Hamar urte daramatza Unai Goikoleak DJ lanetan. Urteurrena ospatzeko hainbat emanaldi berezi eskaini ditu Bartzelonan eta Bilbon, eta urte amaierara arte beste hitzordu batzuk ere antolatuko ditu.

 

DJ lanetan hamarkada bat daramazula ospatzeko bira antolatu duzu.
Bai, zenbaki borobila izanik, ospatu gura izan dut. Urte osoan ospatzea da ideia, ez jaiegun batean bakarrik. Orain arte lan egin dudan jendearekin elkartu, eta ate berriak zabaltzea ere bada asmoa. Orain hamar urte hasi nintzen musika jartzen, eta txikitatik musika izugarri maite dudan arren, DJa izatea ez da sekula nire helburua izan.

 

Zelan gerturatu zinen 20 urterekin DJ mundura?
Arte Ederrak ikastera Bilbora joan nintzenean topo egin nuen jazza edo funka lako bestelako doinuekin. Bilboko taberna batean eskaini zidaten lehenengoz musika ipintzeko aukera.



Zein izan da zure ibilbidea?
Esan bezala, Bilbon hasi nintzen, eta Fever dantzalekuan DJ egoiliarra izan naiz, sei urtez. Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian ere asko aritu naiz.

 

Zer berezitasun dauka zure emanaldiak?
Batetik, pop musika (jendeak ezagutzen dituen kantak) eskaini izan dut, eta bestetik, dantzan gehiago oinarritzen den klubeko musika eskaintzen dut (elektronika). Bi mundu horien erdian egon izan naiz beti, eta askori interesgarria iruditu zaie nik eskaintzen dudan aniztasun hori.


Zaila da oreka mantentzea?
Gehiengoarekin bezala gutxiengoekin ere harremanetan egotea da kontua: bi munduekin jolastea. Batzuentzako traidorea zara, baina beste batzuentzako oso interesgarria. Alaskak edo Fermin Muguruzak oreka hori mantentzen oso ondo jakin dutela iruditzen zait: euren kulturarekin kanpora ateratzea lortu dute, baina irekiak izan arren, sekula ez dute eurena ahaztu.

Zure musika hautaketa ez da ausazkoa. Erabaki oso kontzienteak daude atzetik.
Bai, eta saiatzen naiz jaiari kutsu soziala ere ematen. Bestela, gau osoa ingelesezko musika ipintzen ematen duzu, eta ez nago prest. Irekia izatea ez da zurea ahaztu beharra. DJak zerbait erakutsi beharra duela uste dut, ez eskatzen diotena eman bakarrik. Musika nondik datorren jakin barik kontsumitzen du askok. Gaztelerazko, euskarazko eta ingelesezko kantak ipintzea asko zaintzen dut nik.


Zer bidetatik lortzen duzu musika berria?
Azken urteetan, Internet baliatzen dut batez ere musika erosteko. Bestalde, noski, urtero joaten naiz Durangoko Azokan nobedadeak eskuratzera.

 

Gaueko giroari oso lotuta dagoen lana da zurea.
Bai, horrela da. Nahiz eta, egunez ere ipini izan dudan musika: dendetan, museoetan, jaialdietan... Asko eskertzen dira eguneko aukera horiek, baina ez da batere erraza: egoera ekonomikoak eraginda, gero eta jende gutxiagok du hori egiteko aukera.


Bilbo DJ baten lanerako leku aproposa da?
Bai. Durangon bizi nintzenean kanpora joateko beharra sentitzen nuen. Kanpora joatea, nire ustez, ez da beste herrialde batera joatea, hirira joatea baizik.

 

Musikaz beteriko maleta hartuta, jai giroa sortzen

 

\"\"

 

CD euskarria baliatzen du  Unai Goikoleak musika jartzeko, eta CDz beteriko maletatxoa eskuan daroala joaten da dantzalekuz dantzaleku: “Orain arte, biniloa ikusi izan dugu euskarri artisau gisa, baina azkenaldian CDa ere kutsu hori hartzen hasi da”. Emanaldietan darabiltzan CD irakurgailu biak eta nahasteko mahaia ikusten dituzten gazteak harritu egiten direla kontatu digu DJ durangarrak.

 

Maletatxo bat da Unai Goikolea DJaren lan tresna garrantzitsuenetako bat. Musika asko, oso anitza gordetzen du maleta horrek. Azaldu duenez, hamarkadaren eta kulturaren arabera dauka antolatuta: “Kultura latinoa batetik, eta anglosaxoia, bestetik”.

 

“Askok barre egiten dute zelan antolatuta daukadan ikusten dutenean: oso ‘kuadrikulatua’ naiz”, dio.
DJak psikologotik ere izan behar duela uste du Goikoleak. “Gustuko dut jaia jendearekin egitea, ez zait batere gustatzen jendea kontra izatea. Baina oreka aurkitu behar duzu: irekia izan behar duzu, baina ezetz esaten ere jakin behar da. Osterantzean, zuk ez duzu ezer erabakitzen”. Erdibidea topatzea da Goikolearen teknika: jendeak ezagutzen duena eta ezagutzen ez duena uztartzea.

 

Momentuko musikek eta klasikoek osatzen dute Unai Goikolearen kanta zerrenda. “Berria, berez, ez baita zaharra baino hobea, baina alderantziz ere ez”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!