Bizikletak kultura eta nazio bi lotuko ditu uztailean

Anboto 2013ko uzt. 18a, 12:14
Durangoko Txirrindulari Elkarteak sustatuta, hiru txirrindulari eskoziar Durangon dira; esperientzia eta kultur elkartrukea sustatu gura dute

Durangoko Txirrindulari Elkarteak sustatuta, hiru txirrindulari eskoziar Durangon dira; esperientzia eta kultur elkartrukea sustatu gura dute.

 

\"\"

 

Durangoko Txirrindulari Elkarteak ‘Errubera gaineko elkartrukea’ ekimena abiatu du aurten bosgarren bider. Nazioarteko txirrindulari gazteak Durangora ekarriz eta, ondoren, alderantziz, bertakoak etorri diren horien herrialdeetara joanez, gazteen ezagutza orokorra handitzeko (kultura, hizkuntza…), eta esperientzia berriak bizitzeko aukera eskaintzea da helburua. Aurten, hemengoek ezingo dute kanpora joan, baina dagoeneko hiru txirrindulari eskoziar gazte Durangon daude.

 

Honako hauek dira Eskoziatik etorri diren hiru txirrindulariak: Joe Nally (14 urte), Rory Mellis (16 urte), eta Kyle Petrie (17 urte). Lehenengo biak hiru asterako etorri dira, eta Petriek, guztira, hiru hilabete emango ditu Euskal Herrian. Hartara, bertakoek ingelesa praktikatu ahal izango dute, eta eurek euskara zein gaztelania. Kultur elkartrukerako zein beste txirrindularitza mota batzuk ezagutzeko ere oso esperientzia aproposa da.

 

Hemen dauden artean, Beste Alde Orue Eskolako txirrindularien etxeetan biziko dira hirurak. Gainera, lasterketa ofizialetan ere parte hartzen dabiltza. Esaterako, Nallyk Barakaldoko lasterketa irabazi zuen joan zen domekan, eta Mellis bigarren sailkatu zen pasa den zapatuan Larrabasterran. Maila ona dutela azaldu du Josu Atxotegi Beste Alde Orue Eskola taldeko zuzendariak.

 

Durangoko taldeak Eskoziako selekzioagaz dituen akordioen bidez etorri ahal izan dira gazteak. Aurrekoetan, Frantziako txirrindulariak ere etorri dira Lyongo Lyon Sprint Evolution taldearen bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!