Romero abiaduran eta Garcia oztopo probetan pareko barik aritu dira

Anboto 2013ko uzt. 18a, 12:10
Jose Luis Romero 100, 200 eta 400 metroetan nagusitu da Espainiako Txapelketan; Iraia Garciak urrezko domina bi irabazi ditu Euskadikoan

Jose Luis Romero 100, 200 eta 400 metroetan nagusitu da Espainiako Txapelketan; Iraia Garciak urrezko domina bi irabazi ditu Euskadikoan.

 

Beteranoen Espainiako Atletismo Txapelketa eta Euskadiko Txapelketa oso emankorrak izan dira Bidezabal eta Durango Kirol Klubarentzat. Bien artean 18 domina irabazi dituzte Espainiakoan, eta 7 Euskadikoan.

 

Jose Luis Romerok (Durango Kirol Kluba) 100, 200 eta 400 metroetan urrea jantzi zuen (M-65 kategorian) Gasteizko Mendizorrotzan jokatutako beteranoen txapelketan. Gainera, 400 eta 200 metroetan txapelketako errekor berria ezarri zuen: 1.00.73 (400 metroetan) eta 26,93 (200ean). Kuriositate moduan aipatu ekainean jokatutako Euskadiko Txapelketan marka hobea lortu zuela: 1.00.09. Denbora horrekin 20 urtez indarrean zegoen marka ondu zuen.

 

Gasteizko hitzordura bueltatuz, Romeroren taldekide Floren Martin ere maila itzelean aritu zen 80 urtetik gorako kategorian. Kolkoa lau urregaz bete zuen 200, 400, 800 eta 1.500 metroetan gailenduta. Azken distantzia horretan aurreko marka ontzea lortu zuen: 7.03.93. Ana Maria Saizek (W-45) salto hirukoitza irabazi zuen eta Begoña Martinez durangarrak (W-35) zilarrezko domina bana irabazi zuen 100 metro oztopoetan eta altuera jauzian. Martinezen emaitzak azpimarragarriak dira, 20 urtez atletismoa utzita izan duela kontuan hartuta. Rosa Loitik ez zuen dominarik lortu, baina parte hartu zuen modalitate denetan bere marka pertsonalak ondu zituen.

 

Bidezabali dagokionez, Salvador Casal (M-70) 800 eta 1.500 metroetan gailendu zen. Juan Jose Mendizabalek (M-70) urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazi zituen xabalinan, pisu jaurtiketan eta mailu jaurtiketan, hurrenez hurren. Azkenik, Kontxi Tajes (W-60) hirugarren geratu zen 1.500 metroetan.

 

Euskadiko Txapelketa absolutua Durangon jokatu zen. Iraia Garcia (Bidezabal) 1.500 eta 3.000 eta oztopoetan nagusitu zen. Bere taldekide Andrea Delatorrek 800 metroetako proba irabazi zuen eta Leire Gorritxategi bigarren sailkatu zen xabalinan. Gizonetan, Asier Eizagirrek (pisu jaurtiketan) eta David Fuentesek (mailu jaurtiketan) irabazi zituzten urreak. Jon Unzuetak brontzea lortu zuen 400 metro hesietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!