"Jendeak ikusitakoari bueltak ematen dizkio emanaldia amaitzen denean"

Anboto 2013ko uzt. 21a, 09:35

Eneko Sagardoy aktoreagaz sorturiko Babezlekua performance lana aurkeztuko du Miren Uribelarreak uztailaren 23an, Oñatiko gaztetxean: Arte Ederretako ariketa bezala hasi eta handitzen joan da proiektua.

Eneko Sagardoy aktoreagaz sorturiko Babezlekua performance lana aurkeztuko du Miren Uribelarreak uztailaren 23an, Oñatiko gaztetxean: Arte Ederretako ariketa bezala hasi eta handitzen joan da proiektua.

Zein izan da Babezlekua proiektuaren abiapuntua?

Unibertsitaterako nire lan bat izan zen hasiera. Baina urtebetean prozesua luzatzen joan da. Erronka itzela izan da, eta emaitza performance bat izango zela bidean ohartu naiz.

Aurrestreinaldia Durangoko San Agustinen egin zenuten. Zelan joan zen emanaldia?

Unibertsitateko ariketa, berez, gure lanak harago zabaltzea zen. San Agustingo emanaldian oso urduri nengoen ni, eta Enekok asko lagundu zidan.

Noiz batu zitzaizun Eneko Sagardoy proiektura?

Urte hasieran. Hasieran, Karrikako lagun gehiago sartzeko asmoa neukan, baina azkenean, Eneko eta biok ibili gara. Oso gustura aritu gara.

Bakoitzak zer funtzio daukazue emanaldian?

Oso antzeko funtzioa daukagu: masa kontsumoaren eraginez barruan pilatzen ditugun gauza askok sortzen dizkiguten obsesioez dihardugu: estresak, kezkek, eta gauza superfizialek gugan duten eraginaz. Ohitu gaituzte beti geratu barik aurrera egiten, eta ez gara zer gertatzen den behatzera gelditu ere egiten.

Gogoeta hori prozesu guztian izan duzu presente?

Haria zein zen banekien, baina nire esperientzia eta emozio propioekin garatu dut: ni neu eta lana ere aldatu egin dira prozesu luze honetan. Eneko ere identifikatuta sentitu denez, primeran joan da elkarlana.

Zer baliabide darabilzue?

Eskultura bi baliatzen ditugu. Hain zuzen, babesleku itxurako eskultura batetik abiatu zen lana. Amaren sabelera bueltatzea adierazten du eskultura horrek. Darabilguzenak esfera formako eskulturak dira, marroiak, zulodunak.

Eskultura, antzerkia, eta poesia ere baliatzen dituzue.

Bai, izan ere, eskultura lan amaitu bakoa zela sentitzen nuen. Performance-arekin ere berdin gertatzen zait: amaitu barik dagoela sentitzen dut. Bestetik, antzerkiaren influentzia nabarmenak ere baditu. Antzerkiaren antza daukan performance-a da.

Azkenengo emaitza ez dela ulerterraza iradoki duzu.

Bai, ez baita bistaz ulertzeko lan erraza: sentsazioak sorrarazten ditu, eta jendeak ikusitakoari bueltak ematen dizkio amaitutakoan. Erantzunik ez, galderak planteatzen ditugu. Galdera bat da gehien interesatzen zaidana: “Nik hauxe sentitu dut, eta zuek?”.

Testuak ere tartekatzen dituzue ikuskizunean.

Antonin Artauden testu bat, Leon Feliperen beste bat, eta nik neuk galdera eta erantzunekin egindako hausnarketa metaforiko bat ere eskaintzen ditugu.

Loratu, zimeldu, usteldu, sortu...

Gogoeta sakona da Babezlekua lanaren oinarrian dagoena: Uribelarrea sortzailearen berbetan, “gauzak deskubritzen ditugun heinean berriro jaiotzen gara, usteldu, eta gure burua erditzen dugu behin eta berriz: beti gaude prozesu batean, aldaketan. Zimeldu, loratu, usteldu eta beste fruitu bat bilakatzen gara”.

Oñatiko gaztetxean, kultur astearen barruan, erakutsiko dute Eneko Sagardoyk eta Miren Uribelarreak gogoeta horrek eta sorkuntza prozesuak eman duten fruitua. Uztailaren 23an izango da, 19:30ean.

Durangoko Karrika antzerki taldean ikasi dute Uribelarrearen berbetan, Sagardoyk eta berak, elkarlanean, lantaldean jarduten. Eta oso ondo ulertzen dute elkar: desberdinak direlako direla elkarren osagarri dio Uribelarreak.

Oso eskertuta agertu da bost urtean Durangoko Karrika antzerki taldekoekin ikasitakoaz: Babezlekua lanean ere Karrikako beste lagunen babesa izan dutela azpimarratu du.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!