Erorikoak eta erlojupekoak helburuetatik urrundu dituzte Santesteban eta Sanchis

Anboto 2013ko uzt. 12a, 13:20
Bizkaia-Durango taldeak Italiako Giroan egindako lanaren balorazioa egin du Agurtzane Elorriaga zuzendariak.

Bizkaia-Durango taldeko zuzendari Agurtzane Elorriagak Giroaren balorazio ona egin du.

 

Giroan egindako lanagaz gustura bueltatu da Bizkaia-Durango taldea, baina zorteak apur bat gehiago lagundu izan balie, sailkapen hobeak lortzeko aukera izango zutenaren sentzazioa ere badute. Izan ere, Ane Santesteban gaztea (Espainiako txapelduna errepidean) erori egin zen Giroko bigarren etapan eta eskumuturra mindu zuen. Handik aurrera ezin izan du bererik eman: “Erritaratu egin behar zuela pentsatu genuen, eskumuturra apurtuta zuelakoan. Azkenean jarraitu zuen, baina… Pena da, Girora sasoi betean heldu zelako”, dio Agurtzane Elorriaga taldeko zuzendariak.

 

Sailkapen nagusiari begira Anna Sanchis eta Ruth Corset ziren Bizkaia-Durangoren arma nagusiak. Biek hamar onenen barruan edo handik gertu geratzea zuten helburu. Sanchis 13. tokian heldu zen azken eguneko erlojupekora. Ibilbideko 16 kilometroak oso lauak ziren, errodadoreentzako aproposak. Sanchisek erlojupeko Espainiako txapelketa irabazi zuen orain hiru asteburu, baina Giroko ibilbidea ez bere dohaietara egokitzen. Hiru postu galdu eta 16. tokian amaitu zuen Giroa. Hasieran markatutako helburutik gertu geratu zen madrildarra.

 

Ruth Corset “espero genuen mailatik apur bat behera” ibili dela azaldu du Elorriagak “baina ezin daiteke esan sorpresa handia denik ere, urte bian eliteko txirrindularitza utzita zuelako eta Giroa oso lasterketa gogorra da”.

 

Elorriagak taldearen sendotasuna azpimarratu du: “Zortzi txirrindulari eraman ditugu eta denek amaitu dute Giroa. Talde askok ezin dute gauza bera esan. Annari (Sanchis) laguntzen ere lan handia egin dute. Duten dena eman dute”.

 

Zozketa eta diru kontuak

 

Girorako gonbidapena onartzeak, denboraldiko aurrekontua moldatu beharra eragin die. Finantziazio bila zozketa bat ere abiatu zuten sare sozialen bidez. Zozketa horretan Campagnolo Bora One gurpilak zozkatu zituzten. Guztira 800 errifa inguru saldu dituztela adierazi du Elorriagak. Belgikar batek irabazi zuen saria: taldeari laguntzeko helburuagaz 500 euroko errifa kopurua erosi zuen eta berea izan zen zenbaki irabazlea. Lotto-Bellisol taldetik, Bellisol enpresako goi kargu batek ere dohaintzan dirua eman zien. Errifa erositako denei esker oneko dago Elorriaga.

 

Orain, diru-kontuak egingo dituzte; Giroan zer gastu izan duten kalkulatuko dute. Horren arabera erabakiko dute abuztuan zehar FrantziakoTrofeo de Oro lasterketan eta Munduko Kopako beste batean parte hartuko duten ala ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!