"Nire herrialdeak eta hango musikek oso eragin nabarmena dute nigan"

Anboto 2013ko uzt. 6a, 08:16

Beat Salad ekoiztetxeak eta JAPPOO senegaldarren elkarteak antolatu dute Platerueneko gaurko kontzertua. Senegalgo musiken erakusgarri, Ndiaya Gueye ‘Njaaya’ musikaria gonbidatu dute

\"\"Beat Salad ekoiztetxeak eta JAPPOO senegaldarren elkarteak antolatu dute Platerueneko gaurko kontzertua. Senegalgo musiken erakusgarri, Ndiaya Gueye ‘Njaaya’ musikaria gonbidatu dute.

 

Azkenengo diskoa aurkeztera zatoz Durangora, ezta?

Bai. Social living izeneko nire lehenengo diskoa aurkeztera joango naiz zuenera, baina Senegalen eta Frantziaren elkarlanetik sorturiko bigarreneko kantak ere eskainiko ditut.

 

Lehenengoa izanda, zer esan gura du ‘Social living’ diskoak zure musikako ibilbidean?

Social living diskoak aukera eskaini dit, batetik, musikan lekutxo bat egiteko; eta bestetik, baita pertsona bezala hazteko eta irekitzeko ere.

 

Zer proiektu dauzkazu orain esku artean? Nondik zabiltza?

Frantzian daramat urte eta erdi. Beste artista batzuekin elkarlan musikalean jarduteko asmoagaz joan nintzen bertara, eta hortik sortutako hartu-emanek aukerak zabaldu dizkidate Frantzian zehar hainbat kontzertu eskaintzeko ere.

 

Zelakoa izan zen zure musika ibilbideko hasiera?

Hasieran, batez ere aitarekin (goian bego) ez zen batere erraza izan, berarentzako ikasketak baitzeuden beste edozeren aurretik.

 

Zelan dago ikusita Senegalen emakume batek rap musika egitea?

Hasieran arazoa zen gurean, baina gaur egun, ez da txarto ikusten. Izan ere, pentsakerak aldatu eta aurrerapausoak egon dira, eta positiboa iruditzen zaie orain.

 

Zergatik esaten duzu musika parte-hartzerako eta tolerantziarako bidea izan daitekeela?

Uste dut gizartean parte hartzen lagundu dezakeela arteak.Musika da nire artea, eta horrek ahalbidetzen dit errealitateak ezagutzea eta transmititzea. Horrek gizarte eragile bihurtzen nau ni neu ere.

 

Rapean hasi zinen arren, jazz musikara gerturatu zara gehiago azkenaldian, ezta?

Bai, izan ere, musikarekiko dudan maitasunak eta grinak ez diete mugarik ipintzen nire inspirazio eta sentsazio artistikoei. Horrek narama musika estilo anitzera, eta horri esker hurreratu naz jazzera.

 

Zer harreman daukazu zure herrialdeko, Senegalgo, musika tradizionalarekin?

Nire herrialdeko musika tradizionalarekin harremanik ez edukitzea nire sustraiak moztea litzakete. Nire herrialdeak eta bertako musikek oso eragin nabarmena dute nigan. Lotura horri esker egon naiteke, esaterako, bihar, Durangon: Omar Omzoren eta bere elkartearen laguntzari esker. Plazera da niretzat bertan egon ahal izatea, eta zuek ere Senegalen eta munduan zehar bidaiatzera gonbidatzea.

 

 


Hip Haf Entertainment ekoiztetxearen eskutik

 

Durangoko Beat Salad Records ekoiztetxeak sorturiko azpitaldea da Hip Haf Entertaiment

 

Senegalgo Dakar hiriburuko La Medina auzoan hazitako Njaaya musikariak erakarriko du, gaur, Durangoko Platerueneko kontzertura jende gehien. Senegalgo emakumezkoen lehenengo rap taldean jardundakoa da Ndiaya Gueye Njaaya. Duela sei urte talde hori utzi zuenetik, bestelako musika estiloen bilaketan aritu da: Senegalgo doinu tradizionaletik, souletik eta jazzetik gertuago dauden doinuei lotuta dihardu orain.

 

Durangoko Beat Salad ekoiztetxearen inguruko hiru artistaren emanaldia ere izango da gaurko kontzertu berezian: Eneko eta Itsua anaiek eta Omar Omzo hip-hoplarik ere kantatuko dute, Plateruenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!